Ezarritako mugen bestaldera jauzi egiteko deia egin du Norte Apachek lehen diskoan

Musikherriak ateratako lanean, zapaldutako herri eta jendeen alde egin du, euskarazko hip hopa aldarrikatzeaz bat

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2009ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Aurreiritzien mugak gainditu, eta euskarazko rapari bultzada emateko irrikarekin sortu du Norte Apachek disko berria. Rayco Sanchezek, Ibon Castedok eta Aitor Perezek hitzaren indarrean sinetsita osatu dituzte lehena duten laneko bederatzi abestiak. Musikherria herri diskoetxearen bitartez iritsi da plazara Bilboko rap taldearen lana. Hesiaren beste aldean eman diote izenburua.

«Mugaren bestaldean» kokatzen baitute beren burua Norte Apachekoek. Eta hori adierazteko, hitza lehenetsi dute, Sanchezek esan duenez. «Mezuei eman diegu garrantzia». Hesia gainditzeko makina bat arrazoi daudela uste dute, eta denak igarotzeko kementsu daudela diote. Sanchezek idatzitako kantuak dira horren erakusle.

Euskarazko raparen inguruan aurreiritzi mordoa dagoela diote. «Halakorik egitea ezinezkoa zela esaten ziguten», dio Sanchezek, «belarrira gaizki ematen zuela». Abentura horretan abiatu ziren aurreneko musikarientzat, hortaz, esker oneko hitzak besterik ez ditu Sanchezek. «Selektah Kolektiboak erakutsi zuen egin egin zitekeela». Bilbon hesia gainditzeko, haatik, izerdia bota dute. Ekinaren eginaz lortu dute Norte Apachekoek jenderen arreta erakartzea, hizkuntzen arteko mugak haustea. Horretaz mintzatu dira Lortuko dugu abestian. Gorroto urdina kantuan, berriz, Stanley Tookie Williams gogoratu dute. AEBetako kale bandarik handiena sortu zuen, eta kartzelan zela, umeentzako ipuinak idazteari ekin zion. «Patua noranzkoz alda daitekeela erakutsi zuen». El Shintomak, Danek eta Indarrapeko Fat Fishek parte hartu dute Norte Apacheren diskoan.

Musikherriarekin kaleratu dituzteaurreneko diskoak, halaber, Gasteizko Garagardo Gurak (Menú del día) eta Iruñeko Txurrustadak (Izateko jaioak).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.