Zinema aretoetara iritsi ohi ez diren hainbat film emango dituzte gaurtik Bilbon, Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdian. Areto handietara eraman nahi dituzte normalean agerian egoten ez diren gizarte arazoak, eta ezkutuko errealitate horiek lantzen dituzten hainbat film aukeratu dituzte horretarako. Urriaren 6ra bitarte, generoaz, emakumeaz, giza eskubideez edota ingurumenaz aritzen diren pelikulak emango dituzte.
Alondegian egingo dute jaialdiaren estreinaldi ofiziala. Dena den, Film Sozialak ekimenaren barruan, hilaren hasieratik hainbat lan ikusi ahal izan dira Bilbo, Barakaldo eta Mungiako Fnac dendetan. Gaurtik aurrera, ordea, Bilboko Golem zinema aretoak izango dira gune nagusia.
Hirugarren urtez antolatu du festibala Kultura Communication Desarrollo garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak. 270 film aurkeztu dituzte aurten lehiaketara, 38 herrialdetatik, eta hamarretik lau emakumeek zuzenduak. Horietatik hemezortzi film luze eta 44 labur aukeratu dituzte jaialdirako. Horien artean, Marilyn Solaya zinemagile kubatarraren En el cuerpo equivocado nabarmendu dute antolatzaileek; Maviren istorioa kontatzen du, Kuban 1988an ebakuntza egindako lehen transexualarena. Ser un ser humano dokumental sortaren erabateko estreinaldia ere aipatu dute, Kolonbia, Kuba, AEB, Espainia, India, Jordania eta Zeelanda Berriko zinema eskoletako ikasleek sortu eta ekoitzia.
Zortzi atal, sari bana
Zortzi kategoriatan sailkatu dituzte lanok, eta zortzi sari banatuko dituzte orotara: giza eskubideena, emakume batek zuzendutako lan onenarena, garapen iraunkorrarena, genero berdintasunarena, kulturartekotasunarena, film labur onenarena, film luze hoberenarena eta ikasleena.
Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du jaialdiak. Berdintasun zuzendari Xabier Legarretaren hitzetan, «gizarte komunikazioa, kultur eta arte adierazpide aniztasuna eta informazio aniztasuna sustatzea da asmoa».
Ezkutuko gizarte gaiak erakutsiko ditu Zinema Ikusezinaren Jaialdiak gaurtik
«Gizarte komunikazioa eta arte adierazpideen aniztasuna» sustatzeko, hirugarren urtez egingo dute festibala, Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu