Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Hirugarren finalaurrekoa

Ezustekoa azken geltokian

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako Hernaniko azken finalaurreko epaiak ezustean harrapatu zituen bertsolariak, entzuleak eta epaileetako batzuk.

Beñat Zamalloa Akizu.
Hernani
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Protokoloak agintzen duen bezala, saioko irabazlearen puntuak entzun ziren aurrena: «480 punturekin...». Bertsolarien aurpegiak zuritu eta izoztu ziren une batez. Lehenak bakarrik egingo zuen finalera seguruena. Puntu erdiko tartea bakarrik zen finalera bigarrena ere sailkatu ahal izateko. Irabazlearen izena lotu zien segidan Jon Zalduak puntuei: «...Iñaki Apalategi». Eta orduan, bertsolarien aurpegiak ez ezik, epaile batzuen eta entzuleen aurpegiak ere zuritu ziren ezustekoaren ezustez. Apalategik berak txapelketa agurtua zuen ordurako azken agurrean. Hala behar eta, puntu erdi gutxiago zituen bigarrenak, eta Jon Martinek hala eskuratu zuen finalerako txartela. Felix Zubiak Arrasateko finalaurrekoan beste puntu eskuratu zituen, eta bien artean Martin zen bigarren kartzelan puntuaketarik onena zuena.

Irabazlea aurreko saioetako hirugarrenen azpitik sailkatu zen, eta horrek ekarri zuen aurreko finalaurrekoetatik hiruna bertsolari sailkatzea —Beñat Gaztelumendi, Agin Rezola eta Alaia Martin, Arrasatekotik; eta Jexux Mari Irazu, Aitor Sarriegi eta Unai Agirre, Tolosakotik— eta igandean, Hernaniko Galarreta kiroldegian jokatu zen azkenetik, irabazlea eta bigarren sailkatua sailkatzea. Finalerako sailkatuen artean, puntuu gutxien dute Apalategik eta Martinek.

Aurreko bi finalaurrekoetako baino puntu gutxiago bilduko zituztela igar zitekeen saioa bukatuta: kartzelako lehenengo saioa eta ofizioetako puntukako ariketa aurreko saioetako onenetatik beheragotik joan ziren. Tarte zabala dago aurreko saioetako eta Hernaniko ariketa horietako puntuaketen artean; batez ere, puntukakoan. Gainontzeko ariketetan, goraldiak ere bakanak, eta, zortziko handian Martinek eta Amaia Agirrek egin zuten ariketan izan ezik, bakarka izan ziren.

Puntuek baino gehiago, izenak ekarri zuen ezustekoa. Kartzelako bigarren saioan Apalategi izan zen gaiaren ertzak ondoen baliatu zituena, eta entzuleak ere bereganatu zituen, baina kartzelaren aurretik, ofizioetan, diskurtsoan nabarmendu gabe, hankaluze dezente pilatu zituen. Apalategiren atzetik Martin, Agirre eta Uranga sailkatu ziren, onena erakutsi gabe, baina finago aritu ziren, bai diskurtsoan, baita teknikoki ere; ez zuten egun onik izan, bestalde, Iñigo Manzisidor Mantxi-k eta Ainhoa Agirreazaldegik. Desadostasunik sortuko zukeen euretako batek irabazi izan balu; ez, ordea, aparteko ezustekorik. Martinek final-laurdenetako mailari eutsi zion, eta Agirrek eta Urangak gehiago estutu zituzten euren ahalak, zentratuago aritu ziren. Azken agurrean ez zitzaien txapelketa despeditzeko intentziorik nabaritzen. Hirurak ziren saioko eta finalerako faborito nagusiak, eta entzuleengana iristen gehien asmatu zutenak; epaileen ustez, baina, ez zuten aski erakutsi Agirrek eta Urangak.

Beroarena kendu beharra

Galarreta kiroldegiko ateak ireki baino ordu erdi lehenago ilara luzea zegoen bertara sartzeko zain. Animo pankartak gehiago ziren, eta animo oihuak ere ozenago entzuten ziren. Uranga izan zen zale gehien erakarri zuena, eta kiroldegia berotzen zen azpeitiarrari egokitzen zitzaionean. Finalaren aurreko saioaren tentsioa eta giroa izan zuen azken finalaurrekoak, eta epaileek giroari beroarena kenduta, bertsolarien jarduna epaitzen asmatu behar izan zuten.

Bertsoaldi orekatuena eta onena Martinek eta Agirrek egin zutena izan zen. «Zuek egunean ordu asko eskaintzen diozuen negozioa daukazue. Uholdeek dena hondatu dizuete», zihoen Zalduak aurkeztutako gaiak. Elkarrizketa polita osatu zuten ura ardatz. «Ur haundietan sartu ginen ta / urak eraman du dena», kantatu zuen lehen bertsoaren azken puntuan Agirrek. «Ta urarena ziklo bat dela / entzun dugu mila aldiz / urak eraman ohi dun guztia / urak ekartzen du berriz», erantzun zion Martinek jarraian. «Poesia da irtenbidea / nunbait zure arabera», bota zion Agirrek Martini azken bertsoaren hasieran, eta poesiarik gabe, gordin erantzunez amaitu zuen bertsoa: «Hobe hipoteka eraman balu / jantzi denekin batera».

«Urte askoan aurreztutako diru guztia banketxetik ateratzera zoaz», bigarren kartzelako gaiarekin hartu zien aurrea gainontzekoei Apalategik. Entzuleak arrazoiketarekin ez ezik, gorputz adierazpenarekin ere bereganatu zituen. Entzulea banketxean kokatu zuen bigarren bertsoan:

Norberea eskatzea
sekula ez da pekatu
txanda eman didate ta
leihatilan gerturatu.
Esan diot: «Aizu, neska:
ez dezu errurik, barkatu
baina geratzen zaidana
mesedez ondo kontatu
joan zaitez kaja fuertera
dirua eskutan hartu
hartu ezazu sobre bat
ta guztia bertan sartu;
dirurik behar badezu
gobernuari eskatu».


Hirugarrenean borobildu zuen elkarrizketa: «'Dena ez zazu atera / ez zaitez izan tentela / jakin ezazu Ibex-a / orain gorantz ari dela'. / Ez, ez lehen probatu / dut hain destinu krudela / eta ikusi zer nola / geratu zaidan sakela. / Gaur nere lau xoxen bila / harro nator ni horrela / bankuei irabazi / dien kliente bezela; / sentitzen justizia / egiten ari naizela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.