Zinema. Estreinaldiak

Familia eredu berriak

Lisa Cholodenkok komedia giroa eman die bi emakumezkok osaturiko familiari buruzko gorabeherei

Gontzal Agote.
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Oraindik ezohikoa den familia eredua naturaltasun handiz aurkeztua. Horixe da Lisa Cholodenkoren The Kids Are All Right filmak aurkezten duen egoera. Nic eta Jules emakumezko bikote bat da, eta bi seme-alaba ditu: Joni eta Laser. Ernalketa artifizialari esker izan dituzte biak, eta itxuraz familia eredugarria da, etxean dena hitz egiten da, dena eztabaidatzen da, denen ikuspuntua hartzen da aintzat. Horregatik, bi gaztetxoek kontu bat planteatuko dutenean arazoak hasiko dira: haien aita biologikoa nor den ezagutu nahi dute. Kasualitatez, esperma eman zuen gizona aurkituko dute, baina ez dira horrekin konformatuko. Etxera eraman nahi dute, nahiz eta amek ez duten hori begi onez ikusiko; egoera gero eta gehiago korapilatuko da.

Bere hirugarren pelikulan nahiko gai arantzatsua komedia giroan eman du Cholodenkok. Aldarrikapen sozialera jo behar izan gabe, baina hura ahaztu gabe ere, zuzendariak molde independenteko komedia jostagarria egin du, eta, bide batez, familia ereduaren gaineko eztabaida lehen mailara ekarri. Ez da lehen aldia Cholodenkok sexu bereko pertsonen arteko harremanak lantzen dituena, gai bera ukitu zuen bere lehen film luzean, High Art-en.

Baina militantismoz harago, ongi eraikitako istorioa da The Kids Are All Right-ek eskaintzen duena. Besteak beste, lehen mailako bi aktore protagonista dituelako, Annette Bening eta Julianne Moore. Eta bi aktore handi horien ondoan, Mark Ruffalo eta Tim Burtonek ezagutzera eman zuen Mia Wasikowska.

Filmak oso harrera ona izan du AEBetan, eta dagoeneko hainbat sari garrantzitsu jaso ditu. Horien artean, bi Urrezko Globo, komedia filmik onenarena eta Annete Beningek irabazi zuen emakumezko aktorerik onenarena. Oscarren lasterketan ere sartu da The Kids Are All Right, lau izendapenekin.

'THE KIDS ARE ALL RIGHT'

Zuzendaria: Lisa Cholodenko.

Aktoreak: Annette Bening, Julianne Moore, Mia Wasikowska.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2010.

Iraupena: 104 minutu.

Iraupena: Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.