Beldurrez gainezka helduko da Bilbora XVIII. FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoa. Maiatzaren 4tik 11ra bitartean, beldurrezko eta zientzia fikziozko film luze eta laburrak ikusteko aukera izango da hiriko hainbat aretotan. Nazioarteko zazpi film luze lehiatuko dira sail ofizialean, horien arteko bat nazioarteko estreinaldia izango da: Greg Olliver zinemagilearen Devoured lana, hain zuzen ere. Film laburrei dagokienez, 26 lan lehiatuko dira, erdiak euskal zinemagileen lanak izango dira. Laburrak saritzen dituzten epaimahaiaren eta publikoaren sariei euskal film labur onenaren saria gehituko zaie aurtengo urtetik aurrera. Urtero bezala, ikusleek zenbait zuzendari eta aktorerekin hizketan aritzeko aukera izango dute. Sarrerak eta bonuak ostiraletik aurrera jarriko dituzte salgai.
Antonio Trashorras zinemagilearen El Callejón filmak emango dio hasiera jaialdiari. Psikopata baten eta haren biktimaren arteko istorioa kontatzen du pelikulak. Zuzendaria Bilbon izango da, Ana de Armas filmeko protagonistarekin batera. Xavier Gens zuzendariaren The Divide, Jason Eisenerren Hobo with a Shotgun, Evan Glodelleren Bellflower, Nicolas Goldbarten Fase 7, Julien Maury eta Alexandre Bustilloren Livide eta Greg Olliver zinemagilearen Devoured lanek osatuko dute atal ofizialeko kartela. Olliver Bilbon izango da bere estreinako lanaren nazioarteko estreinaldirako. Epaimahaiak maiatzaren 11n emango ditu irabazleen izenak.
Kike Maillo zuzendariak jasoko du aurtengo Fantrobia, fantasiazko zinemagintzaren saria. Eva filmeko zuzendaria Bilbon izango da saria jasotzeko, eta, Lluis Castellsekin batera, efektu berezien inguruko ikastaro bat emango du, ikus-entzunezko eta arte ederretako ikasle eta profesionalentzat.
Atal ofizialetik kanpo, DokuFANT sailean, ekarriko dute Mike Barnetten Superheroes dokumentala. Superheroiz jantzitako «pertsona arrunt ausarten» erretratua egiten du horren bidez, Antonio Puerto Zinema Jaialdiko antolatzaileak azaldu duenez. Apokalipsiaren gaia jorratuko duen ziklo berezi bat ere emango dute atal ofizialetik kanpo.
Maisulanak berreskuratuz
Lehen aldiz egingo dute Bilbon Phenomena Experience saio bat. Horren bidez, 70, 80 eta 90eko hamarkadetako zientzia fikziozkofilmak berreskuratuko dituzte, orduko zenbait filmetako trailerrekin batera.Stanley Kubricken The Shining (1980) eta Sam Raimiren Evil Dead 2 (1987) filmak emango dituzte. Generoko maisuen lanak ere berreskuratuko dituzte, FANT Maisuak atalean, eta Roman Polanski eta Richard Fleischer zinemagileei omenaldia egingo diete. Polanskiren Repulsion (1965) eta Rosemary's Baby (1968) eta Fleischerren The Boston Strangler (1968) lanak ikusi ahalko dira.
Zinema. Estreinaldiak
FANTek euskal egileen film laburrak sarituko ditu
'Devoured' Greg Olliver zuzendariaren filmaren nazioarteko estreinaldia egingo dute sail ofizialean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu