Farhadi irandarra nagusi Berlinalen

'Jodaeiye Nader az Simin' filmak lortu du Urrezko Hartza, eta aktore onenen bi sariak ere jaso ditu

Inigo Astiz
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Izen-abizenak ditu aurtengo Berlinale:; Asgar Farhadi zinema zuzendari irandarrarenak. Haren Jodaeiye Mader az Simin filma (Nader eta Simin, banaketa bat) izan da aurtengo izarra. Faboritoen artean zegoen hasiera-hasieratik, eta, azkenean, hark jaso du zinemaldiko saririk preziatuena, Urrezko Hartza. Baina ez hori bakarrik. Aktorerik onenen zilarrezko bi hartz ere jaso ditu, aktore taldearen lan osoagatik. Ematen diren biak; emakumezko aktorerik onenarena eta gizonezko aktorerik onenarena.

Farhadi zinemagile beteranoa izan da, beraz, aurtengo izarra sariketetan. Bestela, aurtego ekitaldia nahiko soila izan da. Ohi baino Hollywoodeko izar handi gutxiago izan dira, eta baita ohi baino film gutxiago ere: 16 guztira. Ohi baino epaimahaikide bat gutxiago ere izan dute, gainera. Jafar Panahi irandarrak ez du Berlinen egoterik izan, kartzelan baitago konspirazio ekintzak egotzita. Kideek, baina, hura ordezkatu beharrean, haren aulkia hutsik mantentzea erabaki zuten.

Kohler zuzendaririk onena

Ez da, halere, Farhadiren bikote baten haustura ardatz duen filmhori izan saritu bakarra. Bela Tarr zuzendari hungariarraren A Torinoi Lo filmak (Torio zaldia) jaso du epaimahaiaren aipamen berezia –aurten epaimahaia Isabella Rossellini aktore eta zinemagileak zuzendu du–, eta Ulrich Kohler alemaniarrari eman diote zuzendari onenarena.

Paula Markovitch zinemagile argentinar-mexikarraren El Premio filmak ere (Saria) zilarrezko bi hartz jaso ditu, ekarpen artistikoagatik bata eta produkzio diseinuagatik bestea. The Forgiveness Of Blood (Odolaren barkamena) filmaren gidoia izan da epaimahaiko kideen ustez sail ofizialeko onena. Eta Andreas Veiel zuzendariaren Wer wenn nicht wir filmari (Guk ez bada, nork) aipamen berezia egin diote, haren proposamen berritzailea nabarmenduta.

Andrew Okpeaha MacLean-ek jaso du zuzendari berriaren saria, eta aipamen berezia egin diete John Michael Mc Donagh eta Marie Kreutzeri. Iciar Bollarinen También la lluvia-kjaso du publikoaren saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.