Korrika

'Fausto, herritar eredugarri' antzezlana estreinatuko du Korrika kulturalak

'Gosariak' ekimena, Bertsolaritzaren sekretuak emanaldia, Hor dago ardoa dastaketa eta Pirritxo, Porrotx eta Marimototsen Txo, Mikmak txikia obra ere eskainiko dituzte Euskal Herriko hainbat herritan. Horrez gain, hiru lehiaketa paratu dituzte martxan: koplak, bideoak eta Korrikaren kantaren bertsioak oinarri.

Korrika Kulturararen aurkezpena. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko urtarrilaren 8a
14:14
Entzun

Martxoaren 19tik 29ra izango da Korrika, baina aurretik Korrika kulturalaren XIX. edizioa iritsiko da Euskal Herriko hiri eta herrietara. Bost ekitaldi nagusi aurkeztu dituzte antolatzaileek.

Fausto, herritar eredugarri antzezlana

Galder Perezek zuzendutako Fausto, herritar eredugarri obra taularatuko dute estrainakoz. Kartzelan preso dagoen Faustoren istorioa kontatzen du lanak; protagonistak indultua lortuko du Madame Demokraziarekin ezkondu ostean. Hala, "ongizatearen bidea" hartuko du. "Antzerki panfletoa, kontzertua eta deskontzertua, komedia, tragedia eta performacea" da, Christopher Marloweren Fausto oinarri hartuta. Urtarilaren 29an emango dute lehenengo aldiz, Donostiako Antzoki Zaharrean. Ondoren, Burlatan, Gasteizen, Gernikan eta Bilbon izango da ikusgai.

Gosariak

"Dantza egiteko modu asko daude, iraultza egiteko modu asko dauden bezala". Gose taldeko Ines Osinagak hala definitu du Gosariak proiektuko aniztasuna. Eta ez da gutxiagorako ere. Izan ere, askotarikoa da egitasmoa. Joseba Sarrionandia idazleak egin ditu hitzak, Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artistista plastikoek burutu dituzte lana osatzen duten irudiak, eta Gose taldeak musikatu ditu hitzak. Aurreneko konzertua Bilbon izango da, hilaren 22an, Guggenheim museoan. Gero, Eskoriatzan, Donostian, Hendaian, Gasteizen, Igorren eta Iruñean joko dute.

Bertsolaritzaren sekretuak

XIX. mendean kokatuko dute Bertsolaritzaren sekretuak bertso emanaldia. Eta ez da kasualitatea. Garai horretako emakume bertsolariak ekarri nahi dituzte gogora. Joxepa Anttoni Aranberri Xenpelar-etik hasi, eta itzalpean egon diren emakumezko sortzaileak aterako dituzte argitara. Hernanin estreinatuko dute, otsailaren 22an. Iruñean eta Mungian ere izango da ikusteko aukera.

Hor dago ardoa

Mikel Garaizabal enologoak espektakulua eskainiko du ardoa ardatz hartuta. Zuzeneko musika, bideo sorkuntzak... multidiziplina izango da obraren erdigunea. Martxoaren 5ean izango da lehen emanaldia, Errenterian. Zallan, Gasteizen eta Lizarran eskainiko dute ondoren.

Txo, Mikmak Txikia

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Txo, Mikmak txikia ikuskizuna da haurrentzako ekitaldia. Plastikozko zabortegi bihurtzen ari da itsasoa antzerkian, eta balea bat gaixorik azalduko da hondartzan. Laguntzeko direnak eta ez direnak egingo dituzte pailazoek. Sondikan oholtzaratuko dute, hilaren 23an. Ostean, Izpuran eta Lodosan jokatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.