ETNOGRAFIA

Fermin Leizaolak jasoko du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria

"Euskal etnografian urteetan zehar egin duen lan paregabe eta emankorra" saritu nahi izan du epaimahaiak.

Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzaren lehendakaria, eta Fermin Leizaola. EUSKO IKASKUNTZA
Maialen Unanue
2017ko irailaren 7a
12:47
Entzun

Eusko Ikaskuntzak azaldu duenez, hala goraipatu du epaimahaiak Leizaolak (Donostia, 1943) egindako lana: "Bere ekarpena ez da inolaz ere etnografigrafiara bakarrik mugatzen. Izan ere, antropologiarekin, kultura materialarekin, artzain bizitzarekin, arkitektura tradizionalarekin, ondarearekin eta museoekin erlazionatutako lan ugari ere egin ditu". Egun zehatzik jarri ez badute ere, "datozen hilabeteetan" emango diote Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat.

Etnografoa eta ondare materialean aditua da Leizaola. Aranzadi Zientzia Elkartearen Aurrehistoria sailean sartu zen 1958an. Horrez gain, espeleologia ere landu zuen. 1965. urtetik kultur antropologiarekin, kultura materialarekin, artzain bizitzarekin, arkitektura tradizionalarekin, ondarearekin eta museoekin erlazionatutako artikulu ugari argitaratu ditu. 1975ean, I. Jose Miguel Barandiaran ikerketa saria lortu zuen, Artzaingoa Euskalerrian gaur egun lanarekin —Euskalerriko artzaiak izenburupean argitaratu zen—.

1970eko hamarkadaren bukaera aldera, Euskalerriko Atlas Etnografikoa egiteko proiektua diseinatu zuen, eta euskal geografiako euskalki eta lekuko hizkerak bildu eta aztertu zituen taldea koordinatu eta zuzendu zuen. Horrez gain, Leizaolak hasi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren funts etnografikoen bilduma, eta horren emaitza da Zaharkiñak proiektua (1989-2004). 2009an, I. Ondare Saria eman zion aldundiak, eta urte horretan bertan Urrezko Domina eman zion Aranzadik. Erakunde horretako Etnografia departamentuko zuzendaria da, baita Munibe. Antropologia-Arqueologia aldizkariaren batzorde zientifikoko kidea ere.

Herritarrek eta epaimahai instituzionalak parte hartu dute irabazlearen hautaketan. "Eusko Ikaskuntzaren bazkideen botoak %30eko pisua izan du azken emaitzan; Euskal Komunitate Globalarenak, %10, eta falta den %60a epaimahai instituzionalaren esku gelditu da". Azken epaimahai hori hainbat erakundek osatu dute: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskaltzaindia, Aranzadi Zientzia Elkartea, Labayru Fundazioa, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Vianako Printzea Erakundea eta Eusko Ikaskuntza bera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.