musika

Fermin Muguruzak aukeratutako kantuen bilduma kaleratu du Wagram zigiluak: ‘Basque Planet’

Frantziako disko banatzaile independiente garrantzitsuenak, Parisko Wagram zigiluak, gaur egungo euskal rockarekiko interesa agertu du. Horren erakusgarri da kaleratu berri duen bilduma. Basque Planet diskoak hemeretzi talde eta abeslariren kantu bana jasotzen du; artisten zein kantuen aukeraketa Fermin Muguruzaren esku utzi du. Kortatu eta Negu Gorriakeko abeslari ohiak azaldu duenez, «XXI. mendeko euskal musikak urrats tinkoz egiten du aitzin», eta euskarak gaur egun duen «adierazpen bizienetako bat da, etengabeko garapenean».

2004ko martxoaren 9a
18:07
Entzun
«Bilduma honek jasotzen duen gisa, Euskal Herrian biltzen diren sentikortasun ezberdinen topalekuetako bat, mundura eta honen soinu ezberdinei zabaldutako lehio eta ateekin», nabarmendu du Muguruzak.

Gitarrekin egindako rocka nagusi da bilduman, adiera zabalenean ulertuta. Izan ere, elkarren antza gutxi dute Kuraia, Sagarroi, Sorkun, Berri Txarrak, Kokein, Jousilouli, Lisabö eta AK taldeek. Ezaguna da Fermin Muguruzak izugarri maite dituela Jamaikako sustraidun doinuak (reggae, dub, ska...), eta hortaz, iturri horietatik edaten duten taldeak bat baino gehiago dira bilduman: Basque Dub Foundation, Skalariak, Betagarri, Skunk eta Fermin Muguruza bera.

Joera garaikideenak elektronikarekin lan egiten duten hiru musikarik ordezkatzen dituzte (Makala, BXT, -gailü) eta ordezkari bana dute hip hop-ak (Selektah Kolektiboa), kantautoregintzak (Anari) eta folkak (Tapia eta Leturia).

Bildumarenazalean The Clashen London Calling diskoko irudi ezaguna ageri da —musikari bat gitarrarekin kolpeak ematen lurrari—, enbor baten gainean, aizkolari baten gisan, eta frontoi bateko pareta berdea hondoan.

Diskoa Frantziako dendetan ezezik Euskal Herrikoetan ere jarri da salgai. Frantziako merkatu diskografikoaren %3,5 banatzen du Wagramek, eta Europako lehen hamar banatzaileen zerrendan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.