Fernando Botero margolari, marrazkilari eta eskultoreak (Medellin, Kolonbia) 80 urte bete ditu aurten, baina ez dago geldirik egoteko. Kolonbian ez ezik, Mexikon, Italian, Portugalen edota AEBetan ari da bere lanak erakusten, eta gaurtik aurrera Euskal Herrian ere bai: Bilboko Arte Ederren museoan.
Ospakizuna izeneko erakusketan 80 margolan dira ikusgai, datorren urteko urtarrilaren 20ra artean. Artelanak gaika daude antolatuta. "Nire lanen bilduma bat izango da, koherentziarekin hautatutakoa", esan du Boterok berak gaur Bilbon, prentsaurreko batean. Sarrerak sei euro balio du —langabeek dohain izango dute—.
Bere erakusketa Arte Ederren museoan jartzeari garrantzia eman dio, Efe berri agentziari eskainitako elkarrizketa batean. "Guggenheimek, arkitektura bezala, asko inpresionatzen nau, baina Arte Ederren museo hau, museo denak bezala, leku neutroa da, minimalista, pintura erakusteko beste helbururik gabekoa, distrakziorik gabekoa".
Azken 65 urteetan egindako artelanak biltzen ditu Ospakizuna-k. Erakusketaren bertsio handiago bat ekainaren 10ean bukatu zuten Mexikon, eta 250.000 bisitari izan zituen.
Jardunean den artista latinoamerikarrik ezagunenetakoa da Botero. 1948an ekin zion ibilbide profesionalari, ilustratzaile gisa lan eginez bere jaioterrian, El Colombiano egunkarian. 1973an Parisera joan zen bizitzera, eta haren pinturak eta eskulturak mundu osoan egin ziren ezagun.