Gerra nuklearrak, estralurtarren inbasioak, baliabide faltak, klima aldaketak... horiek denak amaitu dute noizbait mundua pantaila handian. Apokalipsia askotan filmatu dute, eta Abel Ferrarak bere bertsioa aurkeztu zuen atzo Veneziako zinemaldian: 4:44 Last Day on Earth. Lanak, ordea, erantzun hotza jaso zuen: arazo teknikoengatik proiekzioa asko berandutu eta gero, ikusle ugari aspertu egin zituen filmak. Cristina Comenciniren Quando la notte-k, berriz, barreak eragin zituen. Berri ona litzateke, filma komedia bat balitz, baina ez hain ona, melodrama erromantiko bat dela kontuan hartuta. Esperotakoaren kontrako erreakzioa izan zuten, beraz, bi estreinaldiek.
«Filmaketan zehar munduaren amaieraz hitz egiten genuen, eta noizbait gertatuko den zerbait da, noski, baina gu zera saiatzen ginen pentsatzen, ea guk nola erreakzionatuko genukeen gaur gauean hil egingo garela jakingo bagenu», adierazi zuen Ferrarak,4:44 Last Day on Earth aurkeztean. Izan ere, munduaren amaiera bera baino gehiago, haren aurrean gizakiek duten jarrera filmatu du zuzendari estatubatuarrak. Ez dezala inork espero efektu berezirik; ez tsunamirik, ez leherketarik. Apokalipsi intimista da Ferrararena. Istorio osoa apartamentu baten barruan gertatzen da: bertan, Willem Dafoe eta Shanyn Leight aktoreek interpretatutako bi pertsonaiek badakite dena amaitzear dela. Haien erreakzio kontrajarrien bueltan, bizitzaren bukaerari aurre egiteko modu desberdinak azaleratzen dira. Dafoek argi du: «Edozein generoz ari garela ere, filmek beti gizabanakoaz hitz egiten dute». Ados agertu da Ferrara, eta «egiazkoak diren» bi gauza daudela gehitu du: zergak eta heriotza. «Ogasuna arduratzen da zergez. Heriotzaz, auskalo, baina denok dakigu etorriko dela, eta bitartean, bizi egiten gara».
«Emozio desegokiak»
Cristina Comenciniren Quando la notte-ri dagokionez, txikitan haren amak abandonatu zuelako emakumeekin fidatzen ez den gizon baten istorioa kontatzen du. Italian moda-modakoak diren bi aktorek hartu dute parte filmean: Claudia Pandifili eta Filippo Timik.
Eragindako barreak zirela eta, Comencinik adierazi zuen jaialdian «sentitzen diren emozioak» ez direla beti «egokiak». Filmeko esaldi komikoak «ez direla ezer» esan zuen, lana «oso isila» baita. Istorioa erromantikoen topikoei buruz, adierazi zuen «eguneroko bizitzan elkar maite duten bi pertsonen arteko harremanean» agian ezin dela aurkitu «filmak erakusten duen errealitate ho-ri».
Ferrararen apokalipsiak ez du gogobete Venezia
'4:44 Last Day on Earth'-ek eta Cristina Comeciniren 'Quando la notte' filmak ere ez dute oso harrera ona izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu