Zortzi euskal zinemagileren film laburrak erakutsiko dituzte Zinebi Bilboko Film Dokumental eta Laburren Nazioarteko Jaialdiaren inaugurazio egunean. Guztiak ere, jaialdiko sail ofizialean lehiatuko dira, fikzio, dokumental eta animazio azpisailetan. Orotara, 72 film izango dira lehian urrezko eta zilarrezko Mikeldiak lortzeko. Filmak Bilboko hainbat zinema areto, antzoki eta museotan erakutsiko dituzte, azaroaren 16tik 23ra bitartean. Aurtengo jaialdian, Carlos Saura eta Patrice Chereauren ibilbideak aintzat hartu eta Ohorezko Mikeldiarekin sarituko dituzte biak. Jean-Claude Carriere gidoilaria ere izango da Bilbon. El artista y la modelo filmaren gidoilariak bere lanik «ezezagunetariko» bat aurkeztuko du lehiatik kanpo, hain zuzen ere, Jonathan Glazerrek zuzendutako Birth (2004) filma.
Euskal filmei dagokienez, «euskal zinemagintzaren ekoizpen aniztasunaren» erakusle dira lehiatuko diren filmak, Ernesto del Rio Zinebiko zuzendariaren ustez. Euskal zinemak «bide luzea» egiteko duen arren, «bere baliabiderik garrantzitsuenetako bat» film laburretan duela iritzi dio. Besteak beste, lehian izango dira Berriro igo nauzu (Carlos Rodriguez) eta Je me souviens (Gentzane Martinez de Osaba) dokumentalak; Aner (Unai Garate), Los perfeccionistas (Tucker Davila Wood) eta Voice Over (Martin Rosete) fikziozko lanak, eta Gernika (Angel Sandimas), Beerburg (Ander Mendia) eta Bajo la almohada (Isabel Herguera) animaziozko filmak.
Euskal Herritik ez ezik, beste herrialde anitzetatik heldu dira aurtensail ofizialeko lanak. «Jaialdiak film laburren ekoizpenean izaten ari diren korronte guztiak jaso dituela uste dut», azaldu du Del Riok. Bide horretatik, aurten animazioa eta fikzioa asko igo dela nabarmendu du.
Aurten jaialdiak hainbat berritasun ekarriko dituela azaldu dute zinema jaialdiaren antolatzaileek. Infoeuskadi eta Infospain sailei, Infoworld sail berria gehituko zaie, lehiaz kanpo geratutako nazioarteko lanak erakusteko. «Sail ofizialekoek besteko kalitatea dute film hauek, baina beren ezaugarriengatik kanpo geratu dira».
Horrekin batera, pelikula dokumental luzeei leku «nabarmenagoa» eman nahian, aurtengoan, lehiatik kanpo, Beautiful Docs. Munduko dokumentalluzeen panorama zikloa inauguratuko dute. Nazioarteko zinema jaialdietan saritutako hamaika lan erakutsiko dituzte bertan, eta Andres Linaresen Dormíamos, despertábamos M-15mugimenduaren inguruko lana estreinatuko dute, besteak beste. Del Riok gogoratu duenez, atal hori «2000ko urteen hasieranegiten genuen, eta oraingoan berriro ere antolatu dugu,geroan ere jarraitu dezakeelakoan».
«Bertoko begiradak»
Euskal zinemagintzak leku nabarmena izango du baita lehiatik kanpo ere. Bertoko Begiradak sailak «arreta berezia eskainiko die duela denbora gutxi egindako bost euskal ekoizpeni». Hala, Olaeta Balletaren sorreraren eta Justo Olaeta sortzailearen inguruan Pedro Oleak eginiko Ballets Olaeta. Una vida en danza lanaren behin betiko zintaren zati bat erakutsiko dute aurrerapen gisa, lana oraindik amaitu gabe baitago.
Pedro Olearen dokumentala ez ezik, Joseba Gorodoren La Otxoa. La vida sin complejos eta Juanfe Garcesen eta Iker Basurkoren Pakea Bizkaia. Expedición Groenlandia y Terranova dokumentalak ere ikusi ahalko dira. Ana Murugarrenen La dama guerrera. La leyenda de Ana Velasco eta Algis Arlaukaren Patria fikziozko lanek osatuko dute zikloa.
Film laburrak, Bilbon handi
Azaroaren 16tik 23ra bitartean, 72 film labur lehiatuko dira Zinebi nazioarteko jaialdiaren 54. ekitaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu