BERRIAk zuzenean emango du gaur Bertsolari Txapelketako finala webgunean, ETB1en zuzenekoari esker, 11:00etan hasita. Lan talde handi bat izango da BECen hangoaren berri ematen, eta txapelketan egin duen bezela, zuzeneko irudiez gain, finaleko giroa, xehetasunak eta balorazioak bilduko dituzte hara joandako BERRIAko kazetari, bideogile eta kolaboratzaileek. Zuzeneko irudiez gain, zuzeneko kontakizun bat egingo dute sakelakoetatik erraz asko jarraitu ahal izango dena.
Txakur Gorriak taldekoak marrazkiak egiten ariko dira egun osoan, eta uneoro zuzenean nola ari diren marrazten ikusteko modua izango da webgunean bideo seinale baten bidez. Julen Aperribai bideogintzan ariko da BerriaTBrako, eta, tartean, BECeko giroa jasoko du bideoan. Goizeko saioaren laburpena egiteaz gain, bideo analisi bat egingo dute Miren Garatek, Oihana Elduaienek eta Gorka Azkaratek. Sare sozialetan ere emango dute finalaren berri. Gaueko prentsaurrekoarekin amaituko du BERRIAk finaleko kontakizuna.
Gehigarria, posterra eta azken 'Txapelpekoak'
Asteartean hamabi orrialdeko gehigarri bat argitaratuko du BERRIAk, paperean —sarean ere eskura izango da—. Txapelduna eta txapeldunordea elkarrizketatuko dituzte, eta gainerako finalisten hitzak jasoko dituzte. Txapeldunaren bertso guztiak bi orritan argitaratuko dituzte. Gorka Azkaratek analisi bat idatziko du, eta Jon Maiaren iritzi artikulu bat ere irakurri ahalko da. Inkesta bat egingo dute, halaber, finala ikusiko duten jende ezagunarekin. Asteartean bertan, Txakur Gorriak finalean egindako marrazkietako baten posterra argitaratuko dute.
Asteazkenean, Txapelpekoak saioren azken atala izango da ikusgai BerriaTBn. Bertan, txapelduna elkarrizketatuko dute. Bestetik, txapelketaren eta finalaren analisi sosegatua egingo dute Gorka Azkaratek, Miren Garatek eta Oihana Elduaienek. Bertsozale Lokartuak taldearen azkeneko esketxa ere ikusi ahalko da.