Fliegaufen 'Csak a Szèl' filmak zirrara handia eragin du Berlinalen

Ijito familia bateko kideek xenofobiaren mehatxuaren ondorioz sentitzen duten izua islatu du zinemagileak

Agentziak
Berlin
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Zirrara handia eragin zuen atzo Berlinaleko sail ofizialean Benedet Fliegauf zuzendari hungariarraren Csak a Szél (Just the wind) filmak islatzen duen ijitoen aurkako xenofobia gogorrak. Hungarian 2008 eta 2009an gertatu ziren jazarpenetan oinarrituta, errealitatearen gordintasunari izkin egiten ez dion lana osatu du zuzendariak, ijito familia bateko kideak —ama bat eta haren seme-alabak— filmatuz bere eguneroko bizitzan eta haien izua sentiaraziz ikusleari. Indarkeria ez da agerikoa, baina mehatxuaren itzalak film osoa bereganatzen du. Familiako kideek normaltasunez ikasi, lan egin eta bizi nahi dute, baina ezinezkoa zaie, eta aitak familia osoa Kanadara eraman ahal izateko beharko luketen dirua biltzea dute esperantza bakar.

Txistuak 'Gnade'-rentzat

Beste bi film ere ikusi ziren atzo Berlinaleko sail ofizialean: Mathias Glasnerren Gnade eta Nikolaj Arcelen En kongelig Affaere (A royal affair). Alemaniako familia batek Polora egindako bidaia batean izandako istripuaren ondoren nozitzen duen hondoratzearen kronika egin du Glasnerrek Gnade-n; ez ordea trebetasun handiz, atzo Berlingo ikusleek filmari jo zizkioten txistuen arabera. Kolpe handia Alemaniako zinemagintzarentzat, orain artean aparretan baitzegoen Christian Petzold-en Barbara-k izandako harrera beroari esker.

Arcelen filmak 1768ra darama ikuslea, Christian VII.a erregearen gortera. Filmak aldez aurretik piztu zuen ikusmina urria bazen ere, ikusleek nahiko harrera ona egin zioten, Mads Mikkelsen aktorearen lanarengatik eta zuzendariak film osoan erakusten duen orekagatik batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.