XABIER LETEREN HERIOTZEAN

«Forma guztien sortokira»

Jose Maria Setien gotzain emerituak gidatuko ditu hileta elizkizunak, gaur 19:00etan, Urnietako eliza nagusian. Errautsak Urnietako hilerrian lurperatu zituzten atzo, Lourdes Iriondorenen ondoan

Juan Luis Zabala
Donostia
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
«Lurrera deitua» izan ondotik, «zabaltasun sakonera», «forma guztien sortokira», «desziurraren orri orizketara», «hilerrietako lurralde orokorrera» itzuli zen atzo Xabier Lete, heriotzaren ondorena hitz horiekin eta gehiagorekin definitu zuen poeta oinazetua, heriotzaren ondorenaz horrenbeste gogoeta egin zuen poeta hil berria. Donostiako Polloe hilerrian erraustu zuten haren gorpua, eguerdian egindako ekitaldi intimoan, eta errautsak Urnietako hilerrian lurperatu zituzten ordu batzuk geroago, Lourdes Iriondo emazte zenaren errautsen ondoan. Hiletak gaur egingo dituzte, 19:00etan, Urnietako San Migel parrokian, Jose Maria Setien Donostiako gotzain emeritua buru izango duen elizkizunarekin. Hil ondorengo ekitaldiak soilak izan zitezen nahi zuen Letek, apaindura gutxikoak, Lourdes Iriondorenak izan ziren bezalakoak.

Ehun inguru ahaide eta adiskide bildu zituen Leteren gorpuaren errausketaren ekitaldiak. Gorpua artean hilkutxa barruan zela, Iñaki Aranzadi Urnietako apezak Juan Mari Lekuonaren Lorea bezain ona nadilla poema irakurriz ohoratu zuen Lete: «Naizenik ere aaztua./ Datorrenari / soa gozatzen prestua. / Doai biurtu bizitza osoa./ Lore izkutua... / Nadin, nadilla!».

«Gorputzez ez dago, baina haren obra gure artean dugu», ohartarazi zien Polloera joandako kazetariei Paco Ibañez kantariak. «Eta gure artean izango dugu, gero eta handiagoa gainera. Mikel Laboak eta Imanolek bezala, obra hilezkorra utzi du. Lete beti izango da presente herri honen ariman. Pena handia da haren heriotza. Iragarritako pena bat da, baina inoiz ez duzu horrelako uneak irits daitezen nahi, ezin izaten dira erabat onartu».

«Poeta izugarri ona izateaz aparte, kantagintzaren alorrean oso perla finak utzi dizkigu», adierazi zuen leku berean Antton Valverde kantariak, bihotzeko adiskide zendu berria gogoan. «Sortu zituen kanten artean badira hamar edo hamabost izugarri onak, zoragarriak. Bazuen halako dohain bat musikak eta hitzak ondo uztartzeko».

«Xabier Lete lehengusu txikia nuen, eta gure arteko harremanak izan dira familia artean sortzen diren bezalakoak», ekarri zuen gogora Joan Mari Irigoien idazleak. «Joan zaigu, baina herri honi izugarri eman ondoren. Poeta gisa, oso poeta ona zen. Nik liburu guztiak gomendatuko nituzke, baina batez ere azkenekoa. Kantari gisa, ez zen kantari akademikoa, baina lurraren edo sumendiaren indarra zuen. Galera handia da Leterena, baina bizirik dago bere poemetan eta diskoetan».

Jose Angel Irigarai idazle eta Ez dok Amairu taldeko kidea, Jose Antonio Arbelaitz kultur sustatzailea eta Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia ere Polloen Leteren omenez bildutakoen artean ziren.

Jende ugari beilatokian

Lete larunbat arratsean hil zen, 21:00 inguruan, Donostiako erietxean. Hesteetan aspaldi atzemana zioten gaitzaren ondorioz ospitaleratu zuten ostiralean, eta handik aurrera haren osasun egoerak okerrera egin zuen, hil zen arte.

Jende askok bisitatu zuen Leteren hil-kapera igandean Hernaniko beilatokian. Bernardo Atxaga eta JosAnton Artze idazleak, Juan Antonio Urbeltz folklore ikerlaria, Benito Lertxundi, Joxean Goikoetxea, Karlos Gimenez eta Antton Valverde musikariak eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria izan ziren, besteak beste, bisitarien artean.

«Elkartasunean bizitzen» eta «errukiorrago izaten» ikasi behar dugula adierazi du batez ere azkenaldian Letek, Joxean Goikoetxearen iritziz. Azken urteetan harreman estua izan dute Goikoetxeak eta Letek, Goikoetxearen soinua izan baitu lagun Letek poesia errezitaldietan.

Atxagak «umorea» nabarmendu du, Leteri buruz egindako adierazpenetan. «Askotan umore pittin bat gaiztoa zeukan, baina zoragarria. Bere kanten artean badaude lirikoak, baina baita umore bortitzekoak ere».

«Gizarteari begira ausarta izan da bere iritziak manifestatzerakoan, bere ikuspegia agertzerakoan», Anjel Lertxundiren iritziz. «Inportanteena ez zen berarekin ados zeunden edo ez. Inportanteena zen nola sintonizatzen zuen herri honen sentimenduarekin».

«Ez du ahaztu, ez du bazterrean utzi herritik zetorren indarra», Andres Urrutia euskaltzainburuaren iritziz. «Oso adierazgarria da Xalbadorren heriotzean izatea jendearen ahoetan, jendearen desiretan, jendearen gogoetan dagoen kanturik adierazgarriena». Ohorezko euskaltzain izendapena jaso berria zuen Letek.

Erakundeetako ordezkariak

Blanca Urgell Kultura sailburua, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Gema Zabaleta Lan eta Gizarte gaietarako sailburua izan ziren Hernaniko beilatokian, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua ere han izan ziren. Blanca Urgellek Leteren «ikuspegi humanista sendoa» eta «balio demokratikoen alde» erakutsi zuen jarrera nabarmendu zituen.

Horretaz gain, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazpen bat igorri zuen hedabideetara, adieraziz euskal gizarteak asko zor diola Leteri. «Haizeak inoiz eramango ez dituen milaka hitzez eta soinuz osatuta dagoen ondarea utzi digu».

Urnietako Udalak Urnietako herriak Leterekin duen «zorra» aitortu du adierazpen instituzional baten bidez, eta iragarri du bere esku dagoen guztia egingo duela, «Xabierrekiko begirunea eta aitortza erakutsiko duten ekitaldiak bultzatu eta antolatzen laguntzeko».

Duela bi urte Egunsentiaren esku izoztuak poema liburua argitaratu zuenean, aspaldidaniko zorra kitaturik sentitu zuen Letek, arinduta, bizkar gainetik zama bat kendu balu bezala. Nolanahi ere, azken bi urteetan hainbat testu idatzi ditu, Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko arduradunak adierazi duenez, eta litekeena da horiekin argitalpen bat osatu eta kaleratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.