Formatu txikiko bi ikuskizun eskainiko ditu Dantzaz konpainiak

Noemi Viana, Eneko Gil eta Kontxi Lopez koreografo gonbidatuen bi pieza emango dituzte Donostian

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Dantzazaleentzat bi saio jarri ditu dantzari gazteen Dantzaz konpainiak Donostian. Bi ikuskizun eskainiko ditu, bat bihar, eta bestea azaroaren 11n, formatu txikian, Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Konpainiako kideek sortutakoez gain, gonbidatutako hiru koreografok ondutako lanak dantzatuko dituzte bi ikuskizunetan: Noemi Vianaren eta Eneko Gilen Makilen dantza egingo dute biharko emanaldian, eta Kontxi Lopezen Sofía se fía. Koloreen teoria, berriz, azarorako prestatutako ikuskizunean.

Txalaparta da Makilen dantza koreografiaren oinarria. Eñaut Muñoa ariko da tresna jotzen, eta txalapartaren makilek eta dantzarien gorputzek inprobisatzen, jolasean, elkarri entzuten jardungo dute. Emanaldi berean Anna Jirmanova dantzari txekiarraren Dokola pieza aurkeztuko du taldeak, Yann Tiersenen musikak lagunduta. Beste bi koreografiarekin osatu du konpainiak emanaldia. Rene Aubryren doinuak hautatu ditu Mireia Gonzalez katalanak Sciamuzza ontzeko eta sinpletasuna bilatzeaz jarduteko. Marine Sanchezek, berriz, bidaia batean aurkitutako txoko batek sortu zion zirrara islatu du Manantial del silencio koreografian. Thomas Newmanen musika aukeratu du dantzari frantziarrak bere pieza laguntzeko.

Beste lau pieza azaroan

Bizitzak ematen dituen birak eta bira bakoitzean aurkitzen diren gauza berriak ditu ardatz Kontxi Lopez donostiarraren Sofía se fía. Koloreen teoria piezak. Lopezek, Olatz Perezek eta Iñaki Santosek interpretatuko dute koreografia, Santosen jatorrizko musika oinarri dutela.

Beste hiru pieza prestatu ditu konpainiak azaroko ikuskizunerako. Raphael Canet frantziarraren Rupture lanean Yann Tiersenen doinuak izango dituzte berriro ere lagun, eta Armand Amar nahiz Coldplay-renak entzungo dira Marine Sanchezek ondutako beste pieza batean, El cielo volverá azul lanean, hain zuzen. Anneleen Dedroog belgikarrak ondutako Play Ground koreografiarekin itxiko dute ikuskizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.