Foru Aldundia Guggenheimen ardura bere gain hartzeko prest dela dio Bilbaok

Museoaren gala afarian Jaurlaritzako kiderik ez zelako izan, minduta azaldu da Bizkaiko ahaldun nagusia

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Bilboko Guggenheim museoan Eusko Jaurlaritza «eroso edo gustura ez badago» Bizkaiko Foru Aldundia museoaren zuzendaritza organoetan haren zeregina betetzeko prest dagoela adierazi du Jose Luis Bilbaok. Bizkaiko ahaldun nagusiaren hitzetan, «Jaurlaritza gustura ez badago, esan dezala, ez baita ezer ere gertatzen; Guggenheimek aurrera jarraituko du».

Guggenheimen gala afaria izan zen herenegun. Museoaren nagusiak, enpresa laguntzaileak, ohorezko kideak eta lagunak biltzen dira bertan, eta urteko ekitaldirik garrantzitsuena da museoarentzat, Bilbaoren esanetan. Horregatik, ekitaldira Jaurlaritzako ordezkaririk ez azaldu izana txarretsi du. «Estrategikotzat eta garrantzitsutzat daukatela diote, baina han ez zen inor egon».

Museoa handitzeko eta Urdaibain beste Guggenheim bat egiteko Aldundiaren asmoak bere horretan jarraitzen duela berretsi du ahaldun nagusiak. Asmo horri eusteko eta proiektuen lehiaketa hasteko eskatu zioten asteartean Bizkaiko Batzar Nagusiek Jaurlaritzari. Baina Jaurlaritzak esana du ez duela babesten proiektua. Jaurlaritzaren laguntzarekin edo gabe, proiektua «egin egingo da», Bilbaoren hitzetan. «Bere jarrerarekin, egin egingo dena atzeratzea baino ez da lortzen ari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.