Zinema. Fantasien gatibu

Francoren pasioa

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Francoren pasiorik handienetakoa izan zen zinema. Jakina da Raza (1941) filma diktadoreak idatzitako liburuan oinarritu zela, eta Jose Luis Saenz de Heredia (Jose Antonio Primo de Riveraren senidea zena) arduratu zen proiektua zuzentzeaz. Francok berak aukeratu zuen zuzendaria, eta Alfredo Mayo aktoreak interpretatu zuen Jose Churruca protagonista. Gerraren bertsio ofiziala kontatzea zuen helburu, eta Francoren bizitza eta ideologiaren isla zen. El Pardo-ko antzokian proiektatu ostean Madrilen estreinatu zuten lehendabizi, eta kritika onak lortu zituen. Atzerrian ere ikusi ahal izan zen, eta aita santuaren oniritzia jaso zuen. Garai hartan Alemania nazia zen Europaren jabe, eta sobietarrak garaitzea ume jolasa izango zela pentsatzen zen. Horregatik, Raza-ren bi bertsio daude; bata faxismoaren garaipena bermatuta zegoela uste zenean filmatu zen, eta beste bertsioa egitearen arrazoia estatubatuarren oniritzia lortzea izan zen. Magi Crusells eta Jose Maria Caparros Lera Bartzelonako Unibertsitateko irakasleek hasitako ikerketak Franco eta zinemaren arteko harremanean sakontzeko aukera eskaintzen du. 1946az geroztik, 2.000 pelikula baino gehiago ikusi zituen El Pardoko artxiboetan aurkitutako dokumentuaren arabera. Astean bi arratsalde oso baliatzen zituen zinema ikusteko. El Pardon senideak, lagunak eta erregimeneko intelligentsia biltzen ziren, eta, tradizioari jarraituz, NO-DO proiektatzen zen hasieran. Gehienak amerikarrak izaten ziren, eta abentura, komedia eta western generoekin gozatzen zuen gehien. Hollywooden burutzen zen zinema atsegin zuen eta Disney etxearen animaziozko filmak asko gustatzen zitzaizkion. Orson Wellesen arabera, Francok animaziozko filmak burutu zituen. Espainian debekatuta zeuden filmak ere ikusi zituen, Viridiana kasu. Crusellsek Vidas de cine liburuan Raza-ren inguruko datu berriak argitaratu ditu, produkzioari eta emanaldiei dagozkienak, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.