"Xabier Lasak idatzitako liburua garrantzitsua da andoaindarrentzat eta Gipuzkoako eta Euskal Herriko historiagrafiarentzat, aztertu eta esporta daitezkeen ikerketa ereduak ezarri baititu. Hori nahi dugu", esan du gaur Ahozko historia: oroimenean lokartutako ahotsa liburuaren aurkezpenan Gotzon Garmendia, Oroituz-eko kideak. Elkarte horren bultzadaz egindako liburua da, hain zuzen.
Frankismoak Andoainen (Gipuzkoa) eragindako errepresioaren berri dakar lanak, eta 600 orrialdetik gorako liburua da Lasa andoaindar historialari eta BERRIAko irrati kolaboratzaileak egin duena. "Zailtasunekin" egin ere.
"Senideen arteko gerra izan zen, eta anaien arteko historiatan nahiago izaten da gauzak ahaztu, askotan gorrotoek hor jarraitzen baitute", esan du prentsaurrekoan Lasak.
Artxiboetan arakatzea ere zaila izan dela esan du. "Artxiboetara sartzeko aukerak badaude, baina Gerra Zibila aztertzeko errepresioa aztertu behar da derrigorrez, eta horretarako joan behar dago errepresioa bultzatu zuten instituzioetara. Adibidez, informazio aberatsa emango ligukeen artxiboa Guardia Zibilarena da, baina hori ere itxita dago".
Espainiako Estatuko trantsizioak "memoria historikoari egindako kaltea" ere zailtasuna izan da liburua egitean. "Politikariek hitzetik hortzera erabiltzen dute justizia hitza, baina justizia egia jakinda egiten da, ez gauzak ezkutatuta, ezer gertatuko ez balitz bezala, fusilatuen alargunei 9.000 pezeta emanda. 30 urtean hori bultzatu da".
Andoainek lau mila biztanle zituen frankismoa hasi zenean. Bi mila lagunek herritik ihes egin zuten frankistak Nafarroatik zetozelako. "Errepresio planifikatua izan zen. Oso gizarte atzeratua zen: analfabetismoa, jauntxokeria, Elizako jerarkiaren nagusitasuna... Errepublika izan zen gauzak aldatzeko sortu zen mugimendu bat. Mugimendu horiek errotik moztu nahi izan zituzten".
Gaur egun oraindik hildakoen zerrenda ofizialik ez dagoela salatu du Lasak, "eta lotsagarria da gure historia ezkutatuta edukitzea".
Idatzizko testigantzen faltan, liburua, batez ere, ahozko testigantzetan oinarritu du. 200 lagun baino gehiagorekin hitz egin du.
Frankismoak Andoainen eragindako errepresioa jaso du Xabier Lasak liburuan
‘Ahozko historia: oroimenean lokartutako ahotsa’ argitaratu du historialariak, 600 orrialdetik gorako lan mardula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu