Bigarren Mundu Gerraren garaiko Frantzian sortutako arteari buruzko erakusketa eta Antoni Tapies artista katalan aurten zenduari buruzkoa eskainiko ditu, besteak beste, Bilboko Guggenheim museoak datorren urtean, museoko patronatuak jakinarazi duenez. Artea gerran. Frantzia 1938-1947: Picassotik Dubuffetera erakusketa udaberrian eta udan izango da ikusgai; 120 artistaren 400 obra batuko ditu, Picasso eta Dubuffetenak ez ezik baita Henri Matisse, Pierre Bonnard, Marc Chagall, Vasili Kandinski, Jean Fautrier eta Alberto Giacomettirenak ere. Tapiesen erakusketak, berriz, artistak 1960 eta 2002 artean egindako obren hautaketa bat ikusteko aukera eskainiko du udazkenean.
Udan, Frantzian 1939 eta 1947 artean egindako arteari buruzko erakusketaz gain, Barroko bizia: Cattelanetik Zurbaraneraino erakusketa eskainiko du Guggenheim museoak; Pietr Aersten, Valentin de Boulogne eta Jacob Jordaens egile barrokoen ondoan, artista garaikideen lanak izango dira ikusgai erakusketan, hala nola Nathalie Djurberg, Maurizio Cattelan eta Oscar Tuazon-enak,besteak beste.
EAEko artisten erakusketa
Urteko azken erakusketak «Euskal Autonomia Erkidegoarekin loturak dituzten artistak bilduko ditu»,jakinarazi dutenez. «Ildo horri jarraiki, egun sortzen ari diren hainbat euskal artistaren lanen aukeraketa aurkeztuko da». Ez dute gehiago zehaztu oraingoz.
Cristina Garcia Rodero argazkilariaren erakusketa udazkenean egitekoa zen, baina atzeratu egingo da, uste baino neurri handiagoa hartu duelako eta prestakuntza lanak luzatu direlako.
Aurtengo lehen bilkura egin zuen atzo patronatuak, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bertan zela. Atzo jakinarazi zutenez, museoak 372.050 bisitari izan ditu aurten, ekainaren 13ra bitarte, iaz bezalatsu gutxi gorabehera.
Frantziako artea eta Tapies, 2013ko Guggenheimen
Picasso, Matisse, Bonnard, Chagall eta Dubuffeten lanen erakusketa egingo da udaberrian eta udan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu