Frantziako sukaldaritza omentzen jarraitu dute gaur San Sebastian Gastronomikako bigarren jardunaldian. Jende andana bildu da Kursaal jauregian Frantziako sukaldaritzako erakusle nagusietako batzuk hizlari izan diren egunean. Herrialde hartako sukaldaritza ezagutzeko aukera eman dute hizlariek.
Iñaki Aizpitarte sukaldari hendaiarrak eman du auditoriumeko lehen hitzaldia. Parisko Le Chateaubriand jatetxeko jabeak zuzenean bi plater prestatu ditu. Ikusleek haren aingeru budinak dastatzeko aukera izan dute. Aizpitarteren ondoren, frantziar jatorriko hainbat sukaldarik hitz egin dute; tartean, Pierre Gagnairek. Gagnaire sukaldaritza molekularreko sortzaile nagusienetakoa da, eta Ferran Adriaren eta haren moduko sukaldarien inspirazioa izan da. Auditoriumeko hitzaldiez gain, tertulia pribatuak eta beste hainbat ekitaldi egon dira.
Emmanuel Renault Harmonia fantastikoak hitzaldia ematekoa zen, baina, azken unean jakinarazi dutenez, ezin izan da Donostiara joan. Bruno Oteiza eta Jacques Maximin sukaldariek hartu dute haren lekukoa. Oteiza telebista programa batean egin da ezagun, eta Maximinek atzo hitz egin behar zuen, baina ez zen garaiz iritsi, eta gaur eman du atzo ematekoa zuen hitzaldia.
Arratsaldean jarraituko dute jardunaldiarekin. Euskal sukaldaritza berria hitzaldiko sukaldariek elkarrekin plater bat sortuko dute. Ondoren, Josean M. Alija, Quique Dacosta, Martin Berasategi, Dani Garcia eta Albert Adria ariko dira.
Bihar amaituko da aurtengo Donostia Gastronomika. Besteak beste, Rene Rezdepi danimarkarrak eta Andoni Luis Aduriz eta Elena Arzak euskaldunek parte hartuko dute.