Franz Ferdinand izango da gaurko protagonista. Eskoziarrak ez daude puntu-puntuan. Lehen diskoak (Franz Ferdinand, 2004) 3,5 milioi ale saldu zituen, eta Take Me Out abestia toki guztietan dantzatu zen (eta dantzatzen da). Hain zuzen ere, "neskak dantzarazteko" helburuarekin sortu zuten taldea Alex Kapranos abeslariak eta beste hiru taldekideek. "Garai hartan irratian ez nuen gustatzen zitzaidan ezer aditzen". Postpunk soinuari dantzarako elementuak gehituta, Tonight-ekin (2009) ukitu zuten gailurra. Right Thoughts Right Words, Right Action laugarren lanarekin (2013) esentziara itzuli direla diote.
Ingalaterrakoak dira The Prodigy elektronikoak. 90eko hamarkadako generoko talde ikurretako bat bihurtu ondoren, oharkabean igaro dira haien azkeneko diskoak. Foster The People Pumped Up Kicks abesti itsaskorrarenak, berriz, ia hasiberriak dira, eta zale nerabeagoentzat dira haien pop abestiak. Gainontzean, Vetusta Morla, The Lumineers, El Columpio Asesino eta Belakoren emanaldiak nabarmendu daitezke.
Euskal Herrian udan antolatzen diren musika jaialdien artean handiena da BBK Live. Jaialdiak 120.000 pertsona erakarriko ditu hiru egunean Kobetamendiko zelaietara. Ez gehiago eta ezta gutxiago ere. Izan ere, Last Tour Internationalekoek, antolatzaileek, iragarri dute sarrera guztiak salduta daudela.