'From the Sky Down' filmak zabaldu du Torontoko zinema jaialdia

80ko azken urteetako eta gaur egungo U2 taldea erakusten du Davis Guggenheimen dokumentalak

Agentziak
Toronto
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Nazioarteko zinema jaialdi bat zabaltzeko ezohiko lan bat aukeratu dute Kanadan: From the Sky Down U2 musika taldeari buruzko dokumentalaren estreinaldiarekin hasi zen atzo Torontoko Nazioarteko 34. Zinema Jaialdia. Azken urteotako ohiturari jarraituz, kanadarra ez den film bat aukeratu izanak eman du zer esana, baina Davis Guggenheimen lana ezin erakargarriagoa egin zaiola azaldu du Cameron Bailey jaialdiko zuzendariak.

1980ko azken urteetako U2 erakusten du batik bat dokumentalak, taldeak The Joshua Tree lan arrakastatsua atera ondorengo garaia. Artxiboko irudiak, egungoak eta elkarrizketak tartekatu ditu zuzendariak. 2006an Oscar sari bat irabazi zuen Guggenheimek, AEBetako presidenteorde izandako Al Gore eta klima aldaketa protagonista zituen An Inconvenient Truth filmari esker.

Guztira, 65 herrialdetatik iritsitako 336 pelikula eskainiko dituzte jaialdian, hilaren 18ra bitarte —268 film luze eta 68 labur—. Horietatik 123 mundu mailako estreinaldiak dira.

Oscar sarien aurrekaritzat jotzen dute askok jaialdia, eta hamaika izen ezagun bilduko ditu. Antolatzaileek iragarri dituztenen artean, besteak beste, Brad Pitt, Rachel Weisz, George Clooney, Francis Ford Coppola, Gael Garcia Bernal, Jane Fonda, Clive Owen, Philip Seymour Hoffman, Evan Rachel Wood, Viggo Mortensen, Salma Hayek, Madonna eta Bono pasako dira egunotan Torontoko alfonbra gorritik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.