Susa argitaletxearekin plazaratu du lehen ipuin liburua Ur Apalategik (Paris, 1972). Gauak eta hiriak (Elkar, 1997) eta Gure Gauzak S.A. (Utriusque Vasconiae, 2004) nobelak idatzi zituen aurrez. Apalategik berak bere burua nobelagile hertsitzat eduki du orain artean: «Erlijiosoki nintzen, gainera. Iruditzen zitzaidan nire burmuinak formateaturik zeudela nobelarako». Aldaketarako arrazoiek zerikusi zuzenagoa dute kontu funtzional batekin, kontu literarioekin baino: «Seme-alabek eragin zuzena dute norberaren denboraren kudeaketan, eta ipuinen idazketa denbora horretara hobeto moldatzen dela uste dut. Gozamen handia izan da prozesua. Asko ikasi dut, gauzak deskubritu ditut».
Deskubritu du, esaterako, nobela bat idaztea «sinfonia bat konposatzearen parekoa» dela, eta ipuin liburu bat egitea, berriz, «LP bat osatzea bezala, kantuz osaturiko LP bat». Ipuin bilduma bat ez, baizik eta «ipuin liburu» bat da Fikzioaren izterrak, Zalduaren hitzetan: «Ipuin guztiek dute lotura bat, koherentzia batek lotzen ditu, euskal literatura garaikidea da leit motiv nagusia, euskal letra-zaurituak dira protagonista, baina ez da ipuinak lotzen dituen puntu bakarra. Bikoteen arteko, edo zehatzago, gizon eta emakumeen arteko harreman gorabeheratsuak sekulako zorroztasunez ageri dira».
Literatura, fikzio partekatu
Euskal literaturaren leit motiv-a edo euskal idazleen inguruko tematika ez da soilik liburu berriko kontua -Bernardo et Ramon izena du azken ipuinak-, baizik eta Apalategiren ibilbide guztikoa: «Irudipena daukat trilogia baten amaierara iritsi naizela, idazlearen figura pertsonaia nagusitzat daukan trilogiaren amaierara. Gauak eta Hiriak lehen nobelan idazle izan nahi duten batzuk agertzen dira. Gure Gauzak S.A.-n mundutxo horren deskubritzea egiten duen norbait agertzen da, eta honetan ere asko agertzen dira idazleak».
Idazleen mundua, bikoteen harremanak... eta bada beste elementu bat ere Apalategiren lan guztietan lokarri dena; fikzioaren apeta, alegia. Fikzioa gizakiarengandik eta gizartearengandik ezin banatuzko elementu bat da, Apalategiren iritzian: «Denok gara, fikzio kontsumitzaile ez ezik, fikzio sortzaile ere». Fikzioa ez da ipuin bat edo liburu bat bakarrik Apalategirentzat: «Fikzio baten pantaila tarteko egiten diogu aurre errealitateari. Mundua zerbait izatekotan, ni bezalako ateo materialista batentzat, bizitzaren ziklo amaigabe bat da; horrore amaigabe bat, alegia. Asperdurari edo frustrazioari aurre egiteko pantaila bat litzateke fikzioa».
Literaturarena «fikzio konpartitua» da Apalategirentzat, eta, horrenbestez, gehien gustatzen zaiona: «Badago fikzio inposatua; ideologia bat ezartzen dutenean, esaterako. Badago zoroaren fikzioa, errealitatea dela sinesten duen fikzio bakartia da hori. Eta hirugarrena da literaturarena, konpartitua izan litekeena».
Bizitzari estuki lotzen zaio literaturaren fikzioa Apalategiren ikusmiratik: «Fikzio konpartituak on egiten digu; eraikitzen laguntzen digu, geure burua eraikitzen. Zoro baten fikzioa da hasiera batean idazlearena, baina zorte pixka batekin eta lanarekin, fikzio konpartitu izateko esperantzarekin idazten dugu». Fikzioaren izterrak liburu berrian agertzen diren istorio eta gai gehienak fikziotzat dauzka Apalategik: «Maitasuna fikzio bat da, fikzio konpartitu zoragarri bat gehienetan. Nazioa bera ere beste fikzio bat da. Fikzio konpartitua izan liteke, edo inposatua ere bai. Erlijioa fikzioa da... Horiek denak fikzio badira, liburu hau fikzioei buruzko fikzioa litzateke. Fikzioari eusteko beharrean dagoen jende nekatua erretratatzen saiatu naiz, edo fikzio berrien bila abiatzen dena».
Literaturaren fikzio partekatua bizitzarekin alderatzen du Apalategik, eta liburuaren mami nagusia «bizitzaz aritzea» da, Zalduaren ustetan: «Liburu on guztiek egiten duten bezala, bizitza ageri da borborka. Errealismoan koka liteke liburua, baina gure ipuingileengan hain ohikoa den neokostunbrismoaren bekatuan erori gabe». Ipuin liburuak dituen zazpi ipuinetatik, hain zuzen ere, Beste bizitza izenekoa nabarmendu du Zalduak, «egitura perfektua duelako».