Zinema. Estreinaldiak

Fundamentalismo erlijiosoa, 90eko ikono baten begiradapean

AEBetan dauden talde arriskutsuei erreparatu die Kevin Smith zinemagileak 'Red State' azken filmean

Gontzal Agote.
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Bueltan da Kevin Smith. 90eko hamarkadako komedia independente estatubatuarraren ikono handienetako bat izan zenak basamortuaren bidea egin behar izan du azken urteotan. Haren azken filmek ez dute batere harrera ona izan; garai bateko harritzeko gaitasuna galdua zuen zinemagileak, eta haren ibilbide artistikoak kale itsu batean sartua zirudien.

Lekutan zeuden 1994tik aurrera lortu zuen arrakasta eta onespena. Urte horretan, Clerks izeneko pelikula independente txikia egin zuen, berehala belaunaldi oso baten ikono kulturala bihurtuko zena. Hurrengoekin ere aldeko izan zituen ikusleak zein kritikariak; lehendabizi, 1995eko Mallrats-ekin; gero, 1997ko Chasing Amy-rekin. Baina hortik aurrera hasi zen Smithen gainbehera; Clerks-en bigarren parteak ere ezin izan zuen amildegitik erreskatatu.

Orain, beste erregistro batean berragertu da Kevin Smith, eta, horrekin batera, berriro ere aldeko kritikak entzuten hasi da. Beldurrezko thriller gordina da Red State, Sitgeseko zinemaldi ospetsuan pelikula eta aktore onenaren sariak eskuratu zituen filma. AEBetan estatu gorriak edo red states soziologikoki errepublikanoak diren horiei esaten zaie. Horietan, erlijioaren fundamentalismoa oso presente egon ohi da, Elizaren edo sinesmen desberdinen bitartez: baptistak, mormoiak, presbiterianoak... Horrekin batera, herrialde osoan bezala su armen erabilera oso zabalduta dago.

Testuinguru horretan, erlijio fundamentalismoaren arriskuak fikziora eraman dituen pelikula da Red State. Hiru nerabek sexu bila ari den emakume baten iragarkiari erantzunen diote. Baina kontua ez da haiek uste bezala aterako. Sexu grinak bultzatuta, armada erlijioso arriskutsu bat aurkituko dute, eta horren nahia mundua bekatutik libratzea da.

Red State benetako pertsonaia batean dago oinarrituta. Fred Phelpsek Westboroko Eliza Bautista izeneko talde erlijioso arriskutsua gidatu zuen, eta hori izan da filmaren abiapuntua.

'RED STATE'

Zuzendaria: Kevin Smith.

Aktoreak: Michael Parks, Michael Angarano, Kerry Bishe, Nicholas Braun, Kyle Gallner, John Goodman.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2011.

Iraupena: 85 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.