Futbola ihesbide

Marcel Rasquinen 'Hermano' filmak irekiko du Donostiako Giza Eskubideen IX. Jaialdia, gaur

Hermano filmeko Eliu Armas aktorea eta Juan Antonio Diaz ekoizlea, atzo, Donostian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Venezuelan zale gehien duen kirola beisbola da. Julio eta Daniel anaiak, baina, futbolean aritzen dira egunero. La Ceniza auzo txiroko lurrezko zelaian elkarrekin jokatzea maite dute gehien. Talentu bilatzaile batek hiriko talde garrantzitsu batean sartzeko aukera emango die. Indarkeriazko ingurune horretatik ateratzeko ihesbide bat izan daiteke bi gazteentzat, baina tragedia batek erabat baldintzatuko du haien erabakia, baita etorkizuna ere. Gizarte errealitate gordin bat agertu du Marcel Rasquin venezuelarrak Hermano filmean, baina aldi berean esperantza helarazteko gai delako, lan hori aukeratu dute Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinema Jaialdia irekitzeko. Viktoria Eugenia antzokian emango dute filma,gaur, 19:00etan.

Rasquinen lehen filma da Hermano, eta Juan Antonio Diaz ekoizleak azaldu du Venezuelan harrera ona izan duela. Haren esanetan, istorioa otu zitzaienean ez zuten helburutzat hartu mezu jakin bat helaraztea. «Gure asmoa ez zen kritika soziala egitea; ez gara gisa horretako zinemagileak. Geure burua ipuin kontalaritzat daukagu, eta hau istorio eder bat da, leku jakin batean gertatzen dena». Baina, filma garatzen joan ahala, hartarako ere balio zezakeela ikusi zuten, eta Unicefekin lankidetzan aritu dira, Babes handiagoa, indarkeria gutxiago gazteentzako programan.

CNAC Venezuelako Kultura Ministerioaren menpeko erakundearen babesa jaso du filmak. Laguntza horri esker, bost hilabetez entseatzeko aukera izan zuten aktore gazteek. Izan ere, gehienak ez ziren aktore profesionalak.

Entrenatzen eta entseatzen

Eliu Armas (Julio) ez zen jarri inoiz kamera aurrean. Bost hilabetez, Caracasko futbol taldearekin entrenatzen eman zituen goizak, eta interpretazioan trebatzen arratsaldeak, Fernando Moreno (Daniel) eta Ali Rondon (Max) aktoreekin batera. Armasek azaldu du haiekin eginiko laguntasunak bere rola jokatzeko asko lagundu ziola. Baita Rasquinekin izandako elkarrizketa luzeek ere. «Nik, negar egiteko, egurra jaso beharra daukat, baina berak barruko sentipenak atera zizkidan. Gero, barkamena eskatu zidan», esan du.

Aktore lanetan jarraitu nahiko luke orain Armasek, eta bide horretan, dagoeneko jaso ditu hainbat proposamen, baita filmeko beste aktore gazte batzuek ere. Diazen ustez, Hermano erakusleiho ona izan da aktore gazte horiek guztiak ezagutzera emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.