Enigma argitu nahian, Ibon Sarasola hizkuntzalari adituaren esku utzi du Prietok aurkikuntza. BERRIAk gaur asteartea argitaratu duen artikuluan zehatz azaldu du Sarasolak, Harri eta herri liburuaren erdarazko kopia horrek zenbat galdera sorrarazten dituen:
Gabriel Arestiren
‘Harri eta Herri’-tik desagerturiko bi poema
Ibon Sarasola
Aspadidanik ezagutzen dut Mikel Prieto. Nire bi semeak Antigua-Luberri institutuko ikasle izan ziren, eta han ari zen —eta ari da— Mikel irakasle. Duela aste batzuk, deitu egin zidan esanez Gabriel Arestiren Harri eta Herri-ren idazmakinazko jatorrizkoaren gaztelaniazko zatiaren kopia bat zuela.
Horrela dio Olivetti makinan idatziriko kopiaren izenburuak: «PIEDRA Y PUEBLO / (Coplas, versos, dichos y poemas) / Trabajo ganador del primer premio del certamen de poesía organizado por la Academia Vasca, en homenaje a Nicolás Ormaetxea, Orixe, el año 1963».
Kopia honek badu zerbait berezia: Mikelek berak adierazi zidan bezala, Itxaropena argitaletxeak 1964an argitaratu zuen Harri eta Herri izeneko liburuan ez daude aipatu kopian agertzen ziren bi poema: lehen zatiko N izenburukoa eta bigarren zatiko I izenburukoa. Liburuaren hasieran ere, Eskaintza zatian, non esaten baitu nori zein poema eskaintzen dion, ez dira bi poema horiek aipatzen. Eta aurkibidean, lehen zatia M poeman bukatzen da, eta bigarren zatian H poemaren ondoren J poema dator.
Lehen zatiko N poema horrek izenburu hau du: VERSOS NUEVOS PUESTOS A ARRUZA. Aresti garai hartan ezagutu genuenok ondo dakigu Gabrielek bihotzez gorrotatzen zuela Miguel Arruza Eguia, Arrugain, Garbi eta Garbi Zale Zarra goitizenak erabili zituen euskal idazlea. Poema horren euskarazko jatorrizkoa GABRIEL ARESTI. Poesia argitaragabea. Azken poesia liburuan agertzen da, hots, Gabrielen literatura-lan osoa Karmelo Landaren ardurapean argitaratu zen bilduma bikainaren bosgarren alean. Ale horren 43. orrialdean Euskal Komedia izeneko poema dator, bizkaieraz idatzia dagoena, liburu bereko oharretan dioenez Bertso berriak Arestik Arruzari jarriak azpititulua dakarrena, eta, dudarik gabe N poema horren jatorrizkoa dena. Badu Euskal Komedia izeneko poema horrek zertzelada bitxi bat: laugarren ahapaldia gaztelaniaz idatzia dago, eta poemaren gaztelaniazko bertsioaren laugarren ahapaldiarekin bat dator, huskeriaren bat gorabehera. Ahapaldi hori da, bestalde, gaztelaniazko itzulpenean bertso errimadunetan dagoen bakarra.
Hortaz, Gabriel Arestik, Harri eta Herri saritua gertatu ondoren eta poema-saila inprentaratu baino lehen, edo inprentan zela, N poema hau erretiratzea erabaki zuen. Arestiren literatura-lan guztien edizioaren arduradun izan zen Karmelo Landak, badu, agian, gertatu zenaz informazioren bat emateko biderik. Dena dela, orain, besterik ez bada, badakigu Euskal komedia orain arte datatu gabea ondu zen urtea.
Bigarren zatiko I poema ere, gorago esan dudanez, ez da aipatzen eskaintzan. Izenburu hau du: Al misterioso señor Discípulo, a modo de perdón de sus ofensas. Hiru zati ditu, izenburu hauek dituztenak: rioja libre, benedictino (sic) eta agua tónica. Ez lehen aipaturiko Gabriel Arestiren literatura-lan guztien bilduman, ez beste inon, ez dugu aurkitu gaztelaniazko poema honen euskarazko jatorrizkoaren arrastorik.
Ikusten denez, bada hainbat galdera honen guztiaren inguruan. Mikelek adierazi didanez Harri eta Herri-ren gaztelerazko itzulpenaren kopia hau Ramon Mª Camiña eta Arantxa Sese Arsuaga senar-emazte jada zenduen liburuen artean agertu da. Ramonen aita, Jose Camiña Beraza zen, Bilbon 1878an jaio zena eta Bilboko Burtsako Síndico Presidente izan zena 1931etik 1934a arte. Gerraren ondorioz Donibane Lohizunera erbesteratu zen eta han hil zen. Badirudi ez dagoela modurik jakiteko nola heldu zen gaztelaniatiko itzulpenaren kopia hori Ramon Mª Camiña eta Arantxa Seseren eskuetara.
Argitaratu gabeko bi poema hauen gorabeherak hainbat kontu plazaratzen ditu. Lehena, dudarik gabe, ea inork duen kopia oso horren euskarazko zatia. Gorago aipatu dudanez Gabriel Arestik Harri eta Herri aurkeztu zuen Euskaltzaindiak 1963an antolatu zuen Orixe sarira. Epaimahaikoak Antonio Arrue, Antonio Maria Labaien eta Jose Antonio Loidi izan ziren, hirurak zenduak. Hortaz, badirudi hortik ez dagoela delako euskal kopiari buruzko argibide handirik ateratzeko modurik.
Bestalde, Mikelek egin dituen gestioen arabera badirudi Euskaltzaindian, hots, Orixe saria antolatu zuen erakundearen artxiboetan, ez dela Arestiren jatorrizko idatziaren kopiarik gordetzen. Orobat gertatzen da Harri eta Herri argitaratu zuen Itxaropenari dagokionez. Han galdetuta, Euskal Harria beste originalik ez dutela adierazi digute. Ea artikulu honek lortzen duen argi zerbait egiten lerro hauetan aipatu diren puntu ilunetan.
Euskal komedia
Fede bagarik, ez dau balio
Jaunari errezeteak
Alan portatzen, danari beti
Zarratzen jakoz ateak
Fama aundia, dauka Bizkaian
Iparreko Gazeteak
Aren kontrako, gauzatxo batzuk
Min emon deust esateak
Lengo batean, emon eustazan
Sekulako azoteak
Duda bagarik, palo ederrak
Dadukadaz mereziak
Zentzun andirik, ez eustan emon
Jangoikoaren graziak
Nire lepoak, aguantatzen
Dituz ederto guziak
Orain artean, emon ditudaz
Errespuesta biziak
Eta barruko, azur guztiak
Izan jatazan ausiak
Ni naiz Gabriel Aresti eta
Segurola kontablea
Bilbon jaiota, euskal moduan
Oso gutxi probablea
Aleginduta, ikasi nuban
Euskera bat potablea
Arrutza jaunak, niri lotzeko
Ekarri zuban kablea
Nire burua, ebagitzeko
Militar baten sablea