1993ko maiatzean 8 urte inguruko hiru mutiko etxetik atera ziren bizikletekin eta ez ziren etxera itzuli. Hurrengo egunean ibaian aurkitu zituzten hilda. Biluzik zeuden eta hanka nahiz eskumuturrak lotuta zituzten. Benetan gertatutako tragedia horretatik eta ondoren egindako epaiketatik abiatu da Atom Egoyan zinema zuzendaria (Exotica, The Sweet Hereafter, Chloe) Devil's Knot filma egiteko. Gaur aurkeztu du filma Sail Ofizialean, eta txaloka hartu dute ikusleek. Reese Whiterspoon eta Colin Firth ditu protagonista.
Egoyanek berak azaldu duenez, filmari ekin zionean dokumentazio handiarekin egin zuen topo. Izan ere, kasu oso ezaguna da AEBetan, eta hainbat dokumental egin dira egun hartan gertatutakoaz. Epaiketan hiru gaztetxo kondenatu zituzten, satanismoarekin lotura zutelakoan eta haren ondorioz hiru haurrak hil zituztelakoan. Gerora, ordea, umeetako baten amak zalantzak erakutsi zituen.
Filma benetan gertatutakoarekiko oso fidela dela adierazi du Egoyanek, eta une oso gutxi batzuk baino ez dituela dramatizatu.
Orain dela lau urte ere lehiatu zen zuzendari kanadarra Donostiako Zinemaldian; orduko hartan Chloe filmarekin.