[Youtube]https://youtu.be/m6r6CfllkHk[/Youtube]
Ez da amaiera izan zen Gariren azken diskoa, 2013an argitaratutakoa, eta halaxe izan da. Bere zortzigarren diskoa aurkeztu du gaur Maldanbera taldearekin batera, Bilboko Arte Ederren Museoan: Estutu. “Bizitza estutu beharra dago bizitzari probetxua ateratzeko”, azaldu du sortzaile gipuzkoarrak. Zazpi kantak osatzen dute diskoa, eta rock estilotik “aldendu” dela dio. “Bestelako sonoritateak” bilatzeko unea heldu zaio. “Azken hamarkadan jolasten ibili naiz, eta disko hau horren emaitza da”. Lan “sendoagoa eta homogeneoagoa” da, haren esanetan.
[youtube]https://youtu.be/JpFkXr09yeQ[/youtube]
Maldanberako kideekin lan egitea “erraza” izan dela nabarmendu du bakarlariak. “Ez nuke kimika izan denik esango; heldutasuna izan da. Zer eta nola nahi genuen ulertu dugu denok”. Haiekin apustu “iraunkor” bat egitea da asmoa. Banda formatuagatik “borrokatu” dutela adierazi du, elementu gutxirekin gauza “duin” bat egiteko.
Proiektuari “oso gogotsu” ekin ziotela adierazi du legazpiarrak. “Bizitzaren hausnarketa bat da”. Hala, musika bere “esparruan” jartzeko apustua egin dute: “Zer ginen eta zer garen kontatu dugu, nostalgiarik gabe”. Azaroaren 26an zuzenekoa eskainiko du Garesko (Nafarroa) Vinculo etxean, eta abenduaren 26an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian arituko da.