Arabako Bertsozale Elkarteak egiten dituen ekintza gehienen jarraipena kolokan dago, Gasteizko Udalak elkartearekin zuen hitzarmena eten egin baitu. 50.000 euroren hitzarmen bat zuten, duela lau urte sinatua bi aldeek, eta bertso eskola eta Gasteizko zenbait ikastetxetan ematen dituzten eskolak finantzatzen dituzte, besteak beste. Ordea, Ekaitz Elorriaga Arabako Bertsozale Elkarteko lehendakariak gogorarazi du lan horren guztiaren etorkizuna kolokan dagoela, udalaren mozketaren ondorioz. Dena dela, ez du eragingo une honetan egiten ari den Arabako Kuadrilla Arteko Bertso Txapelketan.
Gasteizko Udalak aurrekontuetan egindako mozketak modu «baldar eta axolagabean» egin dituztela salatu du Elorriagak. «Ikasturte erdian gaude, eta Arabako Bertsozale Elkartearen Gasteizko proiektu guztia dago jokoan». Gogorarazi du azaroan Encina Serrano Kultura zinegotziarekin izan zuten bileran krisiaz hitz egin zutela baina mozketei buruz ez zutela hitzik egin. Halaber, Elorriagak nabarmendu du oraingoz ez dutela jaso hitzarmenaren etetearen azalpen ofizialik. «Hedabide eta alderdi politikoen bidez jaso dugu udalaren asmoaren berri».
Murrizketak modu arrazionalean egin beharrean udalak egitasmo berriak lehenetsi dituela azaldu du, eta Arabako Bertsozale Elkartearen egitasmoa «klinex baten moduan» baztertu duela. Elorriagaren ustez, jokabide horrek agerian uzten du udalak euskarazko eta gaztelaniazko kultura ez dituela maila berean jartzen, ez maila ekonomikoan, ezta politikoan ere. Nabarmendu du ere bai euskararen iraupena dela mahai gainean dagoen erronka. «Euskarazko kulturak ezin du plaza eta zentimo bakar bat ere galdu».
Arabako Bertsozale Elkarteko ordezkariak martxoaren 1ean bilduko dira Javier Maroto Gasteizko alkatearekin, eta atzera egiteko eskatuko diote. «Sinetsi nahi dugu udala ez dela kontziente bere erabakien ondorioez, ez duela euskal kultura zokoratu nahi». Dena den, ordurako erabaki guztiak hartuta egongo diren susmoa du elkarteak.
Aldaketarik egon ezean egoera salatzeko ekintzak egingo dituztela iragarri du elkarteak. «Egoera zuzentzen ez bada, eztabaida luzea ekarriko du».
Bertso eskolak, 30 urte
Kolokan dagoen Arabako Bertsozale Elkartearen egitasmoetako batek, Gasteizko Bertso Eskolak, 30 urte beteko ditu aurten, irailean. «Albisteak aldatzen ez badira, uste dut ez ditugula egingo beste 30 urte », azaldu du Patxi Aizpuruak, Gasteizko Bertso Eskolako sortzaileetako batek.
Gasteizko Udalak kinka larrian utzi du Arabako Bertsozale Elkartea
Duela lau urte sinatu zuten 50.000 euroren hitzarmena modu «axolagabean» moztea egotzi diote Marotori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu