Literatura. Hirudia

Gaueko hitzen azoka

Idurre Alonso.
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Aldaba hotsa entzun da Durangoko liburu eta disko azokan. Atzera ere, milaka lagun hurbilduko dira euskal kulturaren berotasunera. Batzuk, euskal literaturaren irakurleak; besteak, ez. Batzuk, euskal musikaren zaleak; besteak, ez. Egia da argazki desitxuratua izan ohi dela Durangokoa. Izan ere, hurbiltzen den jendetza ikusita, pentsa liteke euskaraz ikaragarri irakurtzen dela; baina ez omen da hala.

Edozein kasutan, gogorarazi nahi nuke euskaldun alfabetatuen kopurua ez dela iristen Euskal Herriko herritarren %30era ere, eta beraz, euskal kultura kontsumi dezaketen herritarren kopurua oso mugatua dela (liburuei dagokienez, behinik behin; besterik dateke musikarekin). Gainera, Kike Amonarrizi entzun nion behin Euskal Herrian hainbeste euskara entzuten baldin bada (eta «hainbeste» esango dugu, baikor jarrita), euskaldunon jarrera ez-ohikoari esker dela; izan ere, joera omen dugu euskaldunok euskaldunokin biltzekoa, euskaraz aritu ahal izateko. Ildo horretatik, Koldo Izagirrek aipatzen zuen euskaraz hitz egitea bizi garelako froga ematea dela. «Larria» zioen «frogak ematen bizi beharra ez delako samurra» (Autopsiarako frogak). Beharbada, bagarela frogatu beharrarekin lot daiteke Durangoko Azokaren fenomenoa ere.

Edozein kasutan, Durangoko Azokaz ari garela, urtero tartekatzen dira aldeko ahotsak nahiz ahots kritikoak; literatura merkatu-produktu bihurtzeak argiak eta ilunak ekarri baitizkigu. Komunitate txiki samarra da euskal alfabetatuena, eta handia da, proportzioan, daukagun sorkuntza kulturala. Sorkuntza horrek oinarri sendoak ematen dizkio sistema kultural txiki honi, baina era berean, ahulune bat azaleratzen du: hain zuzen, irakurlea ez dela iristen argitaratzen diren liburu guztiak irakurtzera, eta ondorioz, azokaren edizio batean nobedadea genuena zaharkitutzat jotzen dugu hurrengo edizioan, berriro ere nobedadeen bila abiatzeko. Izan ere, Durangon aldaba hotsak entzuten direnean hasten da literaturaren ikasturte berria eta amaitzen aurrekoa. Nobedade ez direnen artean, berriz, saritutako liburuak saltzen dira batik bat. Ez dakit nobedadeak soilik kontsumitzeko joera saihesterik dagoen, baina liburu baliotsuak uzten ditugu bide ertzean, betiko abandonatuta (horri lotuta, irakurleak lan batzuk hautatu beharrak agerian uzten du literatur kritikaren beharra).

Ondorio horiek ekarri dizkigu, besteak beste, liburua merkatu-produktu bihurtzeak, eta Durangoko Azokaren mugarria edukitzeak urtero-urtero. Baina guztiarekin ere, nik neuk maite dut Durangon sortzen den berotasuna, eta eratzen den argazki desitxuratua. Patxi Zubizarretari entzuna da Gustavo Martin Garzo Valladolideko idazleak esaten duela bizitzan bi eratako hitzak daudela: egunekoak eta gauekoak. Eta hori bereizten jakin behar dugula. Eguneko hitzak dira herri honek behin eta berriz entzuten dituenak: hizkuntza gutxituak, gatazka politikoa, krisialdi ekonomikoa… Eguneroko bizitzan horiek dira arrazoiaren hitzak, zenbakienak, kudeaketarenak... Baina horiekin batera gaueko hitzak daude, eta horiek dira obsesioenak, ametsenak, desioarenak… Durangoko Azokak irauten duen egunetan, bederen, gaueko hitzak nagusitzen dira, eta gaueko hitz andana geureganatzeko aukera sortzen zaigu. Horrela, beste urtebeterako arnasbide eta amesbide batzuk gordetzen ditugu etxeko apaletan, hurrengo aldaba hotsak iritsi bitartean eguneko hitzetan ito ez gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.