Danis Tanovicen filmografia gerrari lotua dago. Bosniako gerrako frontean kokatu zuen No Man's Land (2001) ustekabekoan-Oscar saria irabazi zuen-, Irakeko gerraren osteko traumak aztertu zituen Triage-n (2009) eta gerra hasi aurreko Bosniako herri bateko egunerokotasuna azaldu du Cirkus Columbia-n.
Ivica Dikic idazlearen eleberrian oinarrituta dago filma. Zerk erakarri zintuen liburutik?
Katu beltzak. Felliniren atmosferatik zerbait du liburuak, baina nobelak 90 orrialde ditu, eta hiri baten hamabi urteko kronika da. Nire gidoiak 120 orrialde zituen, eta hiru asteko epea hartzen zuen. Istorioa eta pertsonaiak aldatu nituen. Gerra aurreko hiriaren kronika bat betirako gordeta -zentzu ironikoan diot- utzi nahi nuen. Gaur egun 18 urte dituzten gazteek inoiz ez zutelako ezagutu garai hura, ez dakite zein ondo bizi ginen gerraren aurretik, hiria nolakoa zen, zer giro zegoen...
Zer sinbolizatzen du katu beltzak?
Eguneroko bizitza, jendeak bizitzeko behar duen heldulekua.
Filmak kutsu nostalgikoa du, beraz...
Nostalgikoa naiz, eta uste dut nire herriko jendea nostalgikoa dela. Sistema sozialistarekin ez ginen munduko pertsona aberatsenak, baina gure bizitza egiten genuen, jendeak pentsioa jasotzen zuen, haurrek heziketa, ondo bizi ginen... Baina zin egin ziguten Berlingo harresiaren erorketak gizarte hobe bat ekarriko zigula; modu grafiko batean esanda: labarraren ertzean jarri gintuzten, eta beste aldean Europako Batasuna eta kapitalismoa zeuden, joie de vrivre delakoa... Jauzi egiteko konbentzitu gintuzten, baina ez ginen beste aldera iritsi; erori egin ginen, eta oraindik erortzen ari gara.
Filmean buruzagi komunista ohiak zera dio: «Berlingo harresia guk geuk bota behar genuen».
Hala da. Bizi izan duguna bizi ondoren, ez dut uste gaur egun hain aipatua den globalizazioak ezer ekarriko digunik. Klase ertainak desagertzen ari dira, oso-oso aberatsa den jendea dago, batetik, eta egunetik egunera gero eta txiroagoa den jendea, bestetik. Kapitalismoa ez da gure arazoetarako irtenbidea. Planetaren edozein lekutan daude arazo berberak. Hartu AEBak, herrialderik handiena eta indartsuena. Jendea hasi da galdetzen bere buruari ea ona den dirua bankuei ematea, ea ez den egokiagoa diru hori etxeak ordaintzeko erabiltzea. Jendeak etxea ordaintzeko dirua baldin badu, zoriontsuagoa izango da eta nazio zoriontsu bat eraikiko duzu.
Divko Buntic-en pertsonaiak ordezkatzen du kapitalismoaren sukarra: arrandia, aberastasuna... Bera bezalako asko itzuli zen Bosniara komunismoa boteretik kendu ostean?
Bai. Antzinako Jugoslavian hainbat herritarrek alde egin zuten gerraren ostean, beren gurasoak Titoren aurkako nazionalistak zirelako. Jugoslavia desegiten hasi zenean, biktima gisa itzuli ziren, eta armak eramaten hasi ziren, nazionalismoak diruz hornitzen... Ez dut nazionalismoa ulertzen, ez dut uste zu pertsona hobea zarenik euskalduna zarelako. Nik Europan bizi nahi dut, denok elkarrekin biziko garen leku batean,bakoitzak bere hizkuntza eta kultura erabiltzeko eskubidearekin. Baina ez dut ulertzen estatu txikiak sortzea. Hemen bizi zarenez, garrantzitsua da zuretzat hau ondo ulertzea: Kroaziako nazionalisten %90ek faltan botatzen dute Jugoslavia, damu dira gaur egun daukaguna lortzeko ordaindu behar izandako prezioaz. Eta gaur egun duguna sei estatu txiki eta ezdeus dira. Jugoslavia munduko herrialderik errespetatuenetako bat zen, hogei milioi biztanle baino ez izan arren. Titok lortu zuen hori. Gaur egun ez gara ezer.
Zertan ari zinen Bosniako gerra lehertu zenean?
Film bat editatzen ari nintzen eskolan. Esan izan balidate, ez nuen sinetsiko lau urteko gerra baten atarian geundenik... Denok katu beltzaren bila ari ginen gerra zetorren bitartean.
Danis Tanovic. 'Cirkus Columbia'-ko zuzendaria
«Gaur egungo gazteek ezagutu ez duten bizitza jaso nahi izan dut betirako»
Bosniako gerrara itzuli da 'No Man's Land'-en egilea, bonbardaketak hasi aurreko eguneroko bizitzaren ederra azaltzeko. Nostalgia sentitzen du: «Jugoslavia errespetatua zen; gaur egun ez gara ezer»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu