Urritik aurrera zalantzan ikusten zuten beren lanpostua Bilboko Guggenheim museoko hemeretzi hezitzaileek, eta horregatik hasi zituzten protestak orain hilabete. Argia izan da beti epea. Izan ere, irailaren 30ean amaituko da museoak Manpower Group enpresarekin duen hitzarmena, eta hark azpikontratatuta aritzen dira lanean protestan diren langileak. Bi eskari nagusi egiten zituzten horregatik beharginek, hurrengo hitzarmena lortuko zuen enpresari subrogazioa eskatzea nahi zuten batetik, eta lansari "duina" ere eskatu dute bestetik.
Bilboko Guggenheim museoak jakinarazi zuenez, ordea, azkenean ez du hezitzaile zerbitzua azpikontratatzeko asmorik, eta, beraz, ez du inor azpikontratatuko. Horren ordez, lanaldi osoko hiru langile hartuko ditu hurrengo ikasturterako, kontratu zuzenez. Baina erabakiaren aurka azaldu dira langileak, orain ez baitute beren etorkizunari buruzko zalantzarik: badakite urrian kalean geldituko direla, eta greba mugagabea hasiko dute gaurtik aurrera.
Joan den astean, gordin laburtu zuten egoera hezitzaileek: "Langabeziara kondenatzen gaituzte irailaren 30etik aurrera, bost urteko zerbitzu jarraituen ondoren, ez antzinatasun ez kaleratzerik gabe. Hori guztia duintasuna eskatzeagatik". Ez daude batere pozik museoak proposatu eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak onartu duten erabakiarekin.