Gaur estreinatuko da zinema aretoetan Dragoi ehizteria filma. 2,5 milioi euroko aurrekontua izan du, eta euskaraz inoiz egin den filmik garestiena da. Dena dela, jatorrizko bertsioan, euskarazko elkarrizketak pertsonaiak Euskal Herrian direnean soilik agertzen dira, eta gaztelaniaz aritzen dira atzerrian, lanari errealismoa emateko asmoz. Estreinaldiaren aurrekoa atzo egin zuten, Getxo Zinemak aretoan.
ETApm-ko militante baten istorioa kontatzen du filmak, Euskal Herrian borroka armatuan jarraitzeko arrazoirik ikusten ez duen arren Latinoamerikako gerrillei laguntzera joaten den batena. Bere barne kontraesanak erakusten dira, batez ere, semeak gaztetan zer egin zuen galdetzen dionean.
Zuzendariak uko egin dio filmean duen ardurari
Patxi Barco filmeko zuzendariak salatu du ekoiztetxeak ez duela aintzat hartu postprodukzioan, eta estreinaldiaren bertsioa ez du beretzat hartu. Ekoitztetxeak ezkutuan" lan egin duela uste du. "Ekoizleak gidoiaren zatiak aldatu ditu azken kopian, eta bera arduratu da amaierako muntatzeaz, bikoizketaz, soinu zerrendak ezartzeaz, etalonajeaz eta musika kontuez ere. Horiek horrela, kopia horrek ez du inondik ere errespetatzen nire ikuspuntu artistiko eta teknikoa, eta gisa horretara zabaltzeak kalte egiten dit moralki, pertsonalki eta profesionalki»", adierazi du Barcok.
Bide legalak hartzea baztertu du Barcok, errugabe asko kalteturik aterako liratekelako. "Aktoreen eta taldearen lana ona izan da". Hartara, "publikoaren, kritikaren, instituzioen eta hedabideen esku" utzi du ekoiztetxearen "baldarkeria, irizpide falta eta profesionaltasuna" epaitzea.
Gainontzekoak, pozik
Angel Amigo gidolariak, aldiz, "pozik eta egindakoarekin harro" dagoela adierazi dio BERRIAri. Amigoren irudiko, azkenaldian Euskal Herrian izan den testuinguru aldaketak "giro hobea" sortu baitu "biolentziaz" eztabaidatzeko.
Asier Hormaz aktore protagonista ere gustura agertu da Dragoi ehiztaria filmean egindako lanarekin eta emaitzarekin, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan adierazi duenez, eta ikus-entzuleen erantzuna positiboa izango delakoan dago. Lan taldearen baitan halako desadostasunak ohikoak direla esan du Hormazek, eta ez dio garrantzi handirik eman nahi izan.