Gaur hasiko da Microscope musika jaialdia, Baionan

Handiago nahi zuten jaia bultzatzaileek, baina udalaren jarrerak areto txikiagoetara bultzatu dituela salatu dute

Erredakzioa
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Microscope du izena jaialdiak, baina «makroskopikoa» egin nahi omen zuten festa antolatzaileek. Ezin izan dute, ordea, eta, azaldu dutenez, udalak jarri dizkien trabak izan dira arrazoia. Duela urtebetez geroztik zuten hitz eginda bihar eta etzi egingo diren doako kontzertuak hiriko Gaztelu Berria plazan eskaintzea, baina festa hasteko hamar egun falta zirela udalak hitzartutako baldintzak aldatu egin dituela salatu dute. Ezinezko egin die horrek hasierako asmoarekin jarraitzea, baina festa areto txikiagora mugitzea erabaki, eta, beraz, aurrez pentsatutako egunetan hasiko da jaialdia. Gaur, 13:30ean, Ertza dantza konpainiak Transparent koreografia aurkeztuko du Montaury campusean, Dantza Hirian egitasmoarekin elkarlean, eta bihar lehen kontzertuak egingo dira. Piano Chat, Petit Fantome eta Crane Angels arituko dira Kalostrape ostatuan, eta General Bye Bye eta Megafauna, etzi.

Jende gehiagorengana heldu ahal izateko hautatu zuten antolatzaileek kontzertuak hiriko plazan egitea, baina udalak jarritako baldintzak estuegiak direlako erabaki dute, azkenean, emanaldiak lekuz aldatzea. Antolakuntzaren gastu eta ardura guztiak beren gain hartzeko eskatzen zieten ekimenaren bultzatzaileei. Kontzertuak plazan antolatzekotan, antolatzaileek hartu behar zuten azpiegiturak muntatzeko lanen, gastuen eta arriskuen ardura. Diru laguntza eta laguntza logistikoa eskatu zizkioten udaleko ordezkariei, baina bi eskariei eman diete ezetza.

Udalaren jarrera hori ikusirik, Centrigeuse aretoaren zati bat erabiltzeko baimena eskatu zuten antolatzaileek. Han segurtasunaren ardura baino ez zuen hartu behar udalak bere gain, baina orain hamar egun muntaketaren kargurik ez zutela hartuko jakinarazi zieten, eta baita edari alkoholdunik saltzeko baimenik ez zutela ere. Ezin garagardorik eskaini, ezta ardorik ere.

Gazteekiko mesfidantza

Hiriko gaztediaren aurkakoa da udalaren diskurtsoa, jaialdiaren antolatzaileen hitzetan. «Alkatea ez da ostegunean gaueko ekitaldi kulturalen aldekoa, haren ustez, 'alkoholaren eta biolentziaren bidez, auzoetan sakabanatuta dauden taldeak agertzen dituztelako'. Azaldu egin beharko digute errugbi norgehiagokak antolatzen direnean zergatik ez duten halako arazorik aurreikusten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.