Gaur jarriko dute abian TVEko publizitate guztia kentzeko iragan uztailean Espainiako Senatuan onartu zuten legea. Modu horretara, TVE Espainiako telebista kate publikoak ez ditu iragarkiak kontratatuko gaurtik aurrera. Legea onartu baino bi hilabete lehenagotik publizitatea kontratatuta zuen, baina Javier Pons TVEko presidenteak nabarmendu du kontratu horiek irailaren azken egunetan amaituko direla eta, beraz, "urri hasieran iragarkirik ez" dela egongo TVEn.
Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak adierazi du erabaki horrek "irrati eta telebista kate publikoaren eredua sendotu egingo" duela. Haren ustez, iraungo duen telebista eredua izango da, gehiengoa kontuan hartuko du eta independentea izango da.
Publizitatea ezabatzearekin batera, finantzaketa eredu berria ezarriko dute RTVEn. Orain arte publizitatearen bitartez lortzen zuen diru sarrera galduko du RTVEk. Galera hori orekatzeko, telebista kate pribatuek urteko irabazien %3 RTVEra bideratu beharko dute; guztira 140 milioi euro izango dira. Telekomunikazio operadoreek ere finantzatu beharko dute kate publikoa. Urteko irabazien %0,9ko tasa ezarriko diete; RTVEk 290 milioi euro jasoko ditu hortik. Telefono operadoreek iragarri dute erabiltzaileei ezarriko dietela %0,9ko tasa hori.
Espainiako Gobernuak 550 milioi euro jarriko ditu irrati eta telebista kate publikoa finantzateko.
La 1 da abuztuan Espainiako Estatuan ikusle gehien izan dituen telebista katea
Abuztuan Espainiako Estatuan gehien ikusi den telebista katea La 1 izan da, bigarren hilabetez jarraian, TNS Sofres Unilog ikerketa enpresak gaur jakinarazitako datuen arabera. %15,7ko pantaila kuota lortu du, hain zuzen ere eta ikusle gehien izan zituen saioa Bartzelona eta Athleticen arteko futbol partida izan zen, 4.155.000 lagunek jarraitu zuten. La 2 kateak, berriz, %3,7 pantaila kuota izan zuen. La 1 eta La 2 kateek TVE osatzen dute.
Antena 3 bigarren postuan kokatu da %14,8ko pantaila kuotarekin eta hirugarren Telecinco %14,1ekin.
komunikabideak
Gaurtik aurrera TVEk ez du iragarkirik kontratatuko
TVEko presidenteak urri hasieran iragarkirik ez dela egongo adierazi du, Espainiako Senatuan legea onartu aurretik egindako kontratuak irailaren azken egunetan amaituko direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu