Astiberri argitaletxeak Getxoko Komiki Azokan zuen erakusmahaiaren ertz batean jesarrita, editorearen ahotik hotelera itzultzeko argibideak jaso zituen. Elkarrizketara eman eta egunarenak eginda zeuden horrenbestez. Bere azken lanaren (Chateau de sable, Castillo de Arena, Astiberri) irakurle izango direnei begira jarrita hitz egin zuen Frederik Peetersek (Geneva, 1974).
Batzuetan dramatiko eta bestetan komiko, tira labur edo istorio luze, zuri-beltzean edo koloreetan, erreal eta oniriko... zure lanak hain ezberdinak izaki bata bestetik, zein izaten da zure helburua nobela grafiko berri bati ekiten diozunean?
Liburu bakoitza aurreko liburu bati erantzuteko egina izaten da. Jauzi egin nahi dut aurreko liburutik berrira, eta, horregatik, subjektuan, argumentuan, estiloan guztiz ezberdina egiten saiatzen naiz.
Lehen helburua, niretzat, nire lanarekin ez aspertzea izaten da, gozatzea, disfrutatzea. Sei edo bederatzi hilabete pasatzen ditut komiki berari buelta eta buelta ematen, eta, beraz, horrekin aspertzeko dauden aukerak izugarriak dira.
Alde horretatik, aldizkarietarako tonu errealeko komiki laburrak eginez hasi zinen, eta, gaur egun, argumentu luzeko nobela grafikoen egilea zara. Nola aldatu da zure lan egiteko modua bitarteko horretan?
Bide bat izan da. Geratu ez eta aurrera egin duena, etenik gabe. Istorio laburrekin hasi nintzen, han ikasi nuen, han egin nituen okerrak, han zirriborratu eta berriz egin, han esperimentatu nuen estilo eta lan egiteko modu ezberdinekin. Baina han daude gerora erabiliko ditudan tonu guztiak, estiloak, eta baita gai eta obsesioak ere. Lehengo artista bera naiz: lehen, azaletik eta proba gisara lantzen nituen gaiak, eta, orain, sakondu egiten dut euretan, lan luzeagoetan. Garai hartan nekez aurreikus nezakeen istorio luze bat: beldur nintzen nekatu edo galduko ote nintzen. Gaur egun kontrara gertatzen zait: laburrean jardun behar dudanean pertsonaiak garatzeko lekua falta zaidala iruditzen zait. Hala eta guztiz ere, noizean behin laburrera itzuli behar izaten da, narrazioa eta estiloa oinarrizkora mugatzera baldintzatzen baitzaitu. Eta aberasgarria da hori.
Aldaketak aldaketa, zure estiloa egin duzula esan genezake?
Ni naiz horretaz hitz egiteko pertsonarik ezegokiena. Nik ez dut lan egiteko sistema zehatz bat; gauzak egiteko nahia, beharra, desira besterik ez dut. Horrek mugitzen nau. Eta horretarako aurretiaz erabilitako formekin, istorioekin, pertsonaiekin hausten dut, berriak bilatuz.
Hala eta guztiz ere, lanak pilatzen ditudan moduan, tik batzuk baditudala konturatzen naiz. Adibidez, isiltasunezko bineta bertsuak daude liburu guztietan.
Zure komikiek abiapuntu erreala duten arren, bidaia batean bezala eramaten dute irakurlea etorkizunera edo barne mundu batera. Bidaia dela zure lanen motorra aipatu izan duzu maiz...
Egia da. Nire lan errealista bakarra RG da, eta horren bigarren atalean ere pertsonaiak amets egiten eta haluzinazioak izaten hasten ziren. Hor ere bazegoen bidaia bat orduan, Lupus-en zegoen bezala, Pachyderme-n bezala.
Nik bidaiari klasikoen nostalgia dut. Indiara joan nintzen azken aldian aireportura heldu nintzenean Starbucks bat zegoen atarian: akabo kanpora bidaiatzearen lilura guztia!
Zure azken lanek zientzia fikzioko kutsua dute. Nola hurbiltzen da bat etorkizuna marraztera?
Zientzia fikzioarena broma bat zen. Salmenta izugarriak dituzten editoreek bezala, guk ere zientzia fikzioko sail bat egin genezakeela esan nien argitaletxekoei, ez genuela zertan istorio autobiografiko edota arraroetara mugatu. Nik orduan Pilules bleues (Píldoras azules, Astiberri) nuen argitaratua, eta guztiz ezberdina zen lan hau egitera abiatu nintzen. Egin ahala inprobisatu egiten nuen, ez zuen gidoirik. Irudi eta usain batetik tiraka-tiraka, nire burmuinean makina bat martxan jarri zen, eta gaiari buelta eta bueltak emanez, ohar mordo bat hartu nituen, pertsonaiek bizitza hartu zuten, eta haien jokamoldea erakutsi zidaten amaieraraino eramanez. Lau urte geroago, esnatu, eta 400 orriko zientzia fikzioko istorio bat nuen.
Baina zailtasun batzuk ere baditu berekin zientzia fikzioak marrazkilariarentzat, ezta?
Hori askatasuna ere izan daiteke, ordea. Etorkizunean kokatzen ditudan pertsonaien arropak asmatu egin ditzaket, aurrerapen teknologikoak nolakoak izango diren burua puskatu beharrik izan gabe. Pachyderme-n, aldiz, 50eko hamarkadara itzuli behar izan nuen eta hango janzkera eta paisaiak ikertu behar izan nituen marrazten hasi baino lehenago.
Istorioaren arabera hautatu behar izaten da obran landuko duzun estiloa. Ni ez naiz marrazkilaria; beno, marrazkilaria naiz, baina ez bertutetsua, eta niretzat, garrantzitsuena, kontatu nahi dudana da, istorioa, gertakaria. Estiloak istorio hori kontatzen lagundu behar du, bestelako artifiziorik gabe.
Zein izango da Chateau de sable lanari erantzunez sortuko duzun berriaren gakoa?
Modurik klasikoenean lan eginez, ahalik eta gauzarik errealena egitea izango da apustua.
Frederik Peeters. Marrazkilaria
«Gauzak egiteko nahia, beharra, desira besterik ez dut»
Getxoko Komiki Azokan izan da joan den asteburuan. 'Pilules bleues' lanarekin Angulemako azokako albumik onenaren sarirako hautagaia izan zen 2002. urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu