Iaz 150.000 ikusle izan zituen Donostiako Zinemaldiak. Kopuru hori «ikusgarria» dela uste du Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak, Berlingo zinema jaialdiarekin parekatzeko modukoa. Baina aurreko urtean baino 12.000 ikusle inguru gutxiago izan zirela, eta hori jaitsiera «ikaragarria» dela aitortu du. Jaialdiaren etorkizuna bermatze aldera, gazteak erakartzea da erronka, Rebordinosen hitzetan. Hori sustatzeko hitzarmena sinatu dute Zinemaldiak eta Kutxak, gazteei hainbat abantaila eskaintzeko. Besteak beste, sarrerak erdi prezioan eskuratu ahalko dituzte. Gaztekutxako txartela duten gazteentzat baino ez da eskaintza.
Gazteei galdetuta, emanaldietara ez joateko arrazoi nagusia sarreren prezioak direla erantzuten dute gehienek, Rebordinosen hitzetan. Hori aitzakia izan ez dadin, Gaztekutxako 18 eta 29 urte bitarteko bezeroek saio guztietan izango dute %50eko deskontua, inaugurazio eta amaiera galetan zein belodromoan izan ezik. Gazteen artean hasiera ekitaldirako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Kutxak, eta beste bi amaiera ekitaldirako. Halaber, Belodromoan eskainiko diren The Three Musketeers eta Verbo filmen emanaldietarako 1.200 sarrera zozkatuko dituzte. Gainera, %50eko beherapena bateragarria izango da hamar sarrera erostean egiten den %20ko beherapenarekin. Hala, Gaztekutxa dutenek %70eko beherapena izango dute hamar sarrerako abonua erostean.
Gaurtik salgai webgunean
Euskarazko azpidatziak dituzten filmak ikusteko are errazago jarriko diete gazteei. Guztira, 24 pelikula izango dira aurten, iaz baino sei gehiago, eta haiek ikusteko sarrerak euro bakarraren truke eskuratu ahalko dituzte.
«Etorkizuneko jaialdirako hazia jartzea» erabaki du Zinemaldiko taldeak, eta horrekin Kutxa bat datorrela adierazi du Carlos Ruiz Gizarte Ekintzako zuzendariak. 38.000 eurorekin babestuko dute ekimena. Neurri horiei 4 eta 12 urte arteko ikusleak erakartzeko beste hainbat gehituko zaizkie; datozen egunetan aurkeztuko dituzte horiek.
Gaztekutxa dutenek gaurtik erosi ahalko dituzte sarrerak, www.gaztekutxa.net atarian. Sarrera arruntak irailaren 11tik aurrera jarriko dituzte eskuragarri, ohiko lekuetan.
Gazteak erakartzeko, sarrerak merkeago
Emanaldiak erdi prezioan edo euro batean eskaintzeko hitzarmena sinatu dute jaialdiak eta Kutxak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu