Zinema

Gaztelu-Urrutiaren 'El Hoyo' filmarekin hasiko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

Aurten, 30. aldia bete du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea jaialdiak. Gaztelu-Urrutiaren El Hoyo filmarekin hasiko da, larunbat honetan, Donostiako Antzoki Zaharrean. Urtero bezala, askotariko eskaintza zabala prestatu dute.

Gaztelu-Urrutiaren 'El Hoyo' filmarekin irudi bat. FANTASIAZKO ETA BELDURREZKO ZINEMAREN ASTEA
Nagore Arin.
2019ko urriaren 17a
15:39
Entzun

Zifra biribila bete du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak: 30 urte igaro dira aitzindariek "hazia landatu zutenetik". Gaur egin dute aurkezpen ekitaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean. Ez da kasualitatea izan aurkezpena Antzoki Zaharrean egitea; izan ere, 30. urtemugaren irudia da, urte horietan jaialdira joan izan diren ikus-entzuleekin batera. Antolatzaileen hitzetan, kontzienteki egin duten keinu bat izan da. Urriaren 26an hasiko da jaialdia, eta azaroaren 1ean amaituko da.

Galder Gaztelu-Urrutia (Bilbo, 1974) zinema zuzendariaren El Hoyo lanaren proiekzioarekin bat hasiko da Film Luzeen Sail Ofiziala. Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 44. edizioan arrakasta izan ostean, Sitges Film Festivaleko 52. edizioa irabazi zuen. Filmik onena izendatu zuten, eta sari hori ez ezik, efektu berezi onenen saria ere jaso zuen. Elkartasuna eta enpatiaren inguruko gogoeta egiten du.

Hala, Euskal Herrian ekoitzitako film batekin hasiko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea; baita amaitu ere: Aritz Moreno (Donostia, 1980) zinemagilearen Ventajas de viajar en tren filmarekin amaituko da Film Luzeen Sail Ofiziala, azaroaren 1ean. Euskal Herriko ekoizpen horiez gain, beste 22 lan ikusteko parada izango da aldi honetan, eta lan guzti horiek Antzoki Zaharrean ikusi ahal izango dira.

Film laburrak ere ikusteko parada izango da, hiru sailetan bereizita: Film Laburren Nazioarteko Saila, Animazio Film Laburren Saila eta Espainiako Film Laburren Saila. Sariak ere ez dira faltako: aurtengoan, Itziar Castro antzezlea, Fernando Iwasaki idazlea eta Elisa McCausland kazetaria izango dira film laburren epaileak. Halaber, folklore beldurgarriaren zikloa, haurrentzako zinema, bestelako proiekzioak, kaleko jarduerak, erakusketak eta ekitaldi ugari ere izango dira jaialdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.