Geldi dagoenaren mugimenduaz

Lekuari eta espazioari buruz gogoeta egiten duten 25 artistaren lanak bildu dituzte Uharteko arte zentroan

Galdutako lekuak erakusketa, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Uharte
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Imajinatu leku bat, edozein. Geldi dagoela dirudi, baina itxura baino ez da hori. Negoziazio amaigabe baten emaitza da leku eta espazio bakoitzaren eraikuntza eta jendeak harekin duen lotura, eta, hain zuzen ere, eztabaida horretan jarri nahi izan du arreta Teresa Blanch arte historialari eta komisarioak. 25 artistaren lanak bildu ditu Uharteko Arte Garaikideko Zentroan (Nafarroa). «Gaur egun gai soziopolitiko eta bio-politikoa da espazioarena. Artistak bere inguruan lan egiten duenean, hamaika arlo izaten ditu kontuan: hirigintza, arkitektura, etxekotutako natura, historia... Artista garaikideek sakonera jotzen dute, geruza berrien bila. Itxuraz ezagun zaizkigun gune horiek ez ditugula hain ongi ezagutzen erakusten digute. Uste dugu badakigula non gauden, baina ez dago hain argi». Galdutako lekuak izenburua jarri dio bildumari, eta uztailaren 1era arte egongo da zabalik.

Lekua behar da lekuez aritu ahal izateko, eta arte zentroko bi solairu betetzen ditu osorik erakusketak. Hiru urte eman ditu Blanchek munduko hamaika txokotako artisten lanei adi, eta, horregatik, luzea da Uharten bildu dituen artisten zerrenda. Badira Brasilgoak, Kroaziakoak, Herrialde Katalanetakoak, Kubakoak eta AEBetakoak, besteak beste. Eta baita Euskal Herriko bi ere: Ibon Aranberri gipuzkoarra eta Carlos Irijalba iruindarra. Sortzaileen jatorria ere bada deigarria, Blanchen iritziz. Beren sorterritik kanpo aritzen dira lanean gehienak. «Izaera nomada horrek ere badu eragina haien lanetan».

Transformazioan diren lekuak dira erakusketan ikus daitezkeenak, komisarioaren hitzetan, eta horregatik hautatu dute Galdutako lekuak izenburua. «Mugimendu horiei erreparatuta, artista hauek egiten dituzten proposamenetan badago lekuari buruzko ikuspegi sakonago eta egiatiago batera heltzeko asmo bat. Etengabean egon behar du espazioei buruzko berrikuspen bat, eta are gehiago halako neurri ekonomiko eta geopolitiko bidegabeak hartzen diren garaiotan».

Naturguneak dira erakusketako lan batzuen ardatza. Irijalbak, esaterako, kontrajarri egiten ditu masa ikuskizunetan erabiltzen den argindarra eta oihanen iluntasuna. Irati basora estrapolatzen du futbol zelai batean erabiltzen den argi artifiziala bere argazki multzoan. Aranberrik, berriz, urtegi handien eraikuntzak paisaian eragiten dituen aldaketak erakusten ditu bere argazki lanean. Presa erraldoien estetikaren atzean dagoen ideologia eta botere jokoa suma daiteke.

Argazkiak dira erakusketako lanetako asko. Deigarriak dira, adibidez, Jonathan Hernandez artista mexikarraren egunkarietatik moztutako argazki multzoak. Nahasirik daude haren lanean mikropolitika eta makropolitika, gizabanakoa eta agintaria, denak paralelismo poetiko eta ironikoz josiak. Iradokitzaileak dira Lara Almarcegui artistaren ekintzen lekukotza erakusten duten argazkiak ere. Badute zerbait heroikoa eta alferrekoa eraitsi baino egun batzuk lehenago bota behar dituzten eraikuntzetan egiten dituen zaharberritze lanek.

Espazioak ere badu denbora, eta Jerusalem, Berlin eta Washingtonen memoriari eskainitako guneetan jartzen dute arreta Maria Bleda eta Jose Maria Rosa artistek. Ez diote, ordea, monumentuen epikari begiratzen, haren bazterreko espazio txikiagoei baizik. Egunerokoari-edo.

Gertakari soil diren guneak

Lekuak nekez heltzen zaizkigu gordin. Beti egoten da bitartekaritza lanen bat haien eta jendearen artean, eta, horregatik, esanahiz kargatuta egoten dira maiz herrialdeen izenak. Prozesu hori da, hain zuzen ere, Jorge Machi argentinarrak, Aleksandra Mir poloniarrak eta Ignasi Aballi kataluniarrak erakusten dutena. Egunkarietan ageri diren herrialde izenak biltzen ditu azken horrek bere piezan, eta agerian gelditzen da haietariko bakoitzak jasotzen duen arreta. Izenen collage moduko bat da funtsean Uhartera eraman duen pieza. Izan ere, maiz, gertakari baino ez dira izaten lekuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.