Zinema. Estreinaldiak. Fantasien gatibu

Genero vs autore zinema

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Urtea behar den bezala amaitzeko, Nicolas Winding Refn daniarraren Drive film ikusgarri eta kitzikagarriaz gozatu ahal izango da gaurtik aurrera. Cannesen zuzendari onenaren saria eskuratu zuen akzio film dotore honek, eta argi dago generoko zinema lantzea eta autore izatea bateragarriak direla. John Fordek western generoa B saileko estoldetatik berreskuratu zuen Stagecoach (1939) filmaren bitartez, eta garai hartan osperik batere ez zuen genero hori baliatu zuen interesatzen zitzaizkion gaiak jorratzeko. Westernaren unibertsoa benetan aberatsa izan zitekeela demostratu zuen, eta existitzen ziren aurreiritziak gainditzea lortu zuen. Era berean, Reservoir Dogs maisulanak zinema independente amerikarraren norabidea aldatu zuen 1992an, eta askok generoko filmak egiteari ekin zioten. Ordura arte generoan oinarritutako zinema komertzio eta entretenimendu soilarekin erlazionatzen zen, eta egile zinema, aldiz, artea (eta iraultzailea) kontsideratzen zen. Gehiengoarentzat zinema independentea ez zen existitzen, baina Hollywoodetik kanpo lan egiten zutenen idealak salbu zeuden behintzat. Mundua eraldatzea pentsatzen zuten, baina dogmatiko hutsak ziren. Tarantinori besteek zer zioten berdin zitzaion, eta Sundance jaialdian proiektatu zenean sekulako polemika sortu zuen. Euren etsaiak biolentzia eta sexua baliatzen zituen jendea zinema aretoetara erakartzeko, baina Sundance jarrera horren aurkakoa zen. Gainera, generoan oinarritutako zinema estudio handien asmakizuna izan zen, eta generoak autorearen askatasuna eta sormena mugatzen zuela pentsatzen zen. Pusheropera prima-ren autoreak Tarantinoren urratsei jarraitu nahi die; akzio filma izan arren, lasaitasuna eta patxada dira nagusi. Heroi tragikoak atsegin ditu daniarrak; eskandinaviar mitologian patuaren ideia funtsezkoa da; ez Odin, ezta Thor jainko ahaltsuek ezin dute ezertxo ere egin patuaren aurrean. Herio beti gailentzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.