Genevak opera baten bidez gogoratuko du Rousseau, irailean

Pentsalariaren bizitzako pasarteak eta idazlanak izango ditu oinarri nagusi 'JJR (Citoyen de Genève)' ikuskizunak

Robert Carsen eszena zuzendaria, entsegu batean. GTG / CAROLE PARODI.
Agentziak
Geneva
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Jean-Jaques Rousseau idazle eta pentsalariaren jaiotzaren 300. urteurrena dela eta, haren bizitzan oinarritutako opera bat estreinatuko dute irailean Genevako Antzoki Handian, Philippe Fenelon musikagile frantsesaren musikarekin eta Ian Burton idazle ingelesaren libretoarekin sortua, eta Robert Carsen eszena zuzendari kanadarrak zuzendua. JJR (Citoyen de Genève) ekitaldi bakarreko ikuskizuna izango da, iragarri dutenez, Rousseauren bizitzako beste horrenbeste une garrantzitsu gogora ekarriko dituzten zortzi eszenatan banatua.

Rousseauren obran bezala, izadia, dirua, Jainkoa, hezkuntza eta sexua izango dira operan nagusituko diren gaien artean. Basoetan egiten zituen ibilaldi bakartiak ere agertuko dira. Ibilaldi horietan jasotako loreak aztertu egiten zituen gero Roussseauk.

Rousseauren hiru garai hartuko ditu aintzat batez ere operak: 12 urte zituenekoa, soprano baten bidez kontatua; 21 urte zituenekoa, baritono baten bidez kontatua; eta 66 urte zituenekoa, tenor baten bidez kontatua. Rousseaurekin batera, beste hainbat pertsonaia ezagun ere agertuko dira agertokian, hala nola Voltaire, Diderot eta Robinson Crusoe; baita Rousseauk bere hainbat obratan sortutako pertsonaiak —Emile, adibidez— eta haren bizitzan presentzia handia izan zuten emakumeak ere, ama haien artean. Jakina denez, Rousseauren ama hil egin zen hartaz erditzean.

Suitzako herri musika eta Bastillako Hartzearen inguruko kantuak uztartuko dituen vaudevilleko eszena bat izango da obraren amaiera. Rousseauri berari buruz sortutako kantuak ere entzungo dira atal horretan.

Ekitaldirik «anbiziotsuena»

Bi orduko iraupena izango du orotara JJR (Citoyen de Genève) operak, eta Rousseauren jaiotzaren 300. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien artean «anbiziotsuena eta irrika handienez itxaroten dena» dela adierazi dute ekitaldien antolatzaileek.

Iragan ekainean, Rousseauren bizitzako pasarte batean oinarritutako antzezpena egin zuten Genevan, hura ere, irailean estreinatuko den opera bezala, udalak bultzatu eta babestua. Antzezpen hartan, Genevako udaletxearen aurrean Rousseauren Émile eta Du contrat social liburuak nola erre zituzten gogora ekarri zuten antzezleek, garai hartako agintariei «matxinatuak, fedegabeak eta sakrilegoak» iruditzen zitzaizkielako. 1762ko ekainaren 19an izen zen gertaera hura, Rousseau 50 betetzear zela, 1712ko ekainaren 28an sortu baitzen, Genevan.

Bere garaiko pentsalarien artean, eztabaidatuenetakoa eta eraginkorrenetakoa izan zen Jean-Jacques Rousseau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.