Zinema

George Kennedy aktorea hil da

1960ko eta 1970eko hamarkadan egin zen ezagun, batik bat, taldeko aktore lanetan

George Kennedy, Cool Hand Luke, filmean. BERRIA
mikel lizarralde
2016ko martxoaren 1a
11:47
Entzun

Cory Schenkel bere bilobak eman zuen atzo albistea: George Kennedy (New York, 1925) aktore estatubatuarra hil da, 91 urterekin.

Taldeko aktore lanetan egin zen ezagun 1960ko hamarkadan Kennedy, eta izar handien estatusa lortu ez bazuen ere, ikusleek berehala ezagutzen zuten aktore bilakatu zen. 50eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, telebistan aritu zen, hala pertsonaia finkoekin, nola behin-behineko agerpenekin, eta 1960ko hamarkadaren erdialdean zinemara egin zuen jauzi, nahiz eta aurretik ere lantxo txiki batzuk eginak zituen, Stanley Kubricken Spartacus-en esaterako (1960). Bete zituen rol txikiak Charada-n (Stabley Donen, 1963) eta The Sons of Katy Elder-en (Henry Hathaway, 1965), baina ospea The Dirty Dozen gerra film arrakastatsuak (Robert Aldrich, 1967) eta batik bat Cool Hand Luke-k (Stuart Rosenberg, 1967) eman zioten. Azken horretan, Paul Newmanekin lan egin zuen, eta taldeko aktore onenaren Oscarra irabazteko aukera eman zion.

[YouTube]https://youtu.be/veCZvM6-okQ[/Youtube]

Ondoren, segitu zuen telebistan lanean, baina zinema utzi gabe. Hala, 70eko hamarkadan oso ezagunak izango ziren filmetan parte hartu zuen: Airport (1970), Earthquake (1974), Death on the Nile (1978)...  Hurrengo urteetan B serieko zineman aurkitu zuen aterpe, 1988an The Naked Gun sail komikoan parte hartu eta berriro ere arrakasta lortu bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.