Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Lauaxeta saria eman dio gaur Gerediaga Elkarteari, herrialdean "euskara zabaldu, sustatu eta normalizatzeko eginiko ahaleginagatik". Sariaren zazpigarren edizioa da eta ekitaldia 11:00etatik aurrera izan da Bilbon, Foru Jauregian.
Gerediagak hainbat lan arlo garatu ditu; besteak beste, Durangaldeko ondare historiko, artistiko eta dokumentala berreskuratzea, eskualdearen iragana ikertzea eta ikerketa lan berriak sustatzea. Hark antolatzen du Durangoko Liburu eta Disko Azoka —aurtengoa 46. edizioa izango da, abenduaren 4tik 8ra—.
Zaintzea, ikertzea eta zabaltzea dira elkartearen azken hiru helburuak. 1965ean sortu zuten Gerediaga.