Mikel Laboaren "esentzia" Italiako dantza flamenkoarekin fusionatu dute Juan Gorostidik eta EHUko Mikel Laboa katedrak, Gernikako bonbardaketaren 77. urteurrenaren harira. Manuela Carretta dantzariak flamenko italiarraz interpretatu ditu, besteak beste, Laboaren Haika mutil, Baga, biga, higa eta Itsasoa eta lehorra abestiak. Ezohiko agertoki batean dantzatu ditu, gainera: Lemoizko zentral nuklearrean. Franz Kafkaren testu bat izango da ikus-entzunezkoaren haria, Itxaro Bordak irakurria.
Abestiak entzun, eta koreografiak prestatu zituen Carrettak, aurretiaz; behin Lemoizen zela, baina, aldaketak egin zizkien koreografiei, haren hitzetan, lekuak "bere historia" duelako, eta "ulertarazi" egin behar delako. Bideoan jaso du dantza Irati Gorostidik. Zuzeneko emankizunaz gain, Carretta Lemoizen dantzan erakusten duen ikus-entzunezkoa ere proiektatuko dute, bi emanalditan: Donostiako Viktoria Eugenian gaur, eta Gernikako Astran larunbatean, bonbardaketaren urteurrenarekin bat eginez.