Maria Asuncion Sunti Amilibia ez da idazle ezaguna, baina idatzi izan zuen; 1936ko gerraren inguruko kontuez idatzi ere. Zenbait narrazio eta ipuin idatzi zituen bere garaian, gaztelaniaz. Orain ipuin horietako lau euskaraturik argitaratu ditu Intxorta Kultur Elkarteak, eta poemez, kantuz eta marrazkiz atondutako lan bat plazaratu du Gerrako ipuinak izenburupean.
Sunti Amilibia Donostian jaio zen, 1917an, eta Txileko Santiagon hil, 2010ean. Madrilgo Hizkuntzen Nazioarteko Akademiako diplomaduna, 1936ko gerra zela-eta Frantzian erbesteratu zen lehenik, eta handik Txilera alde egin zuen gero. Txileko Liburutegi Nazionaleko frantses saileko burua izan zen.
Espainiako gerraren eta haren ondorioen inguruan idatzi zituen ipuinak eta narrazioak. Txalaparta argitaletxeak El diario de la nostalgia liburua atera zuen 2006an Amilibiaren hainbat narraziorekin. Bera ere iheslari izaki, «ahaztuta geratu ziren herrietako eta herrixketako errepublikano, abertzale, miliziano eta gudari haiek gogora ekartzeko» idatzi zituen ipuinok, Juan Ramon Garai Intxorta Elkarteko kideak Donostian egindako aurkezpen ekitaldian atzo azaldu zuenez.
Maisu inguratua eta Bestelako maitasuna ipuinek frankistek «atxilotu eta epaitu gabe» fusilatutako errepublikanoen historia kontatzen dute. Maisu inguratua-ren testua Joseba Barriolak euskaratua da, Itziar Murgizuk egin ditumarrazkiak eta Bide Ertzean taldeak atxiki dio Adarrartean izeneko abestia. Ipuin horri loturiko poemak, gainerako guztiak bezala, Iker Fernandezek idatziak dira.
Bestelako maitasuna ipuinaren itzultzailea Iker Fernandez bera izan da; marrazkiak Hibai Garaik egin ditu, eta Anger taldeak ondu du hari loturiko kantua, ipuinaren izenburu berekoa, hain zuzen ere.
1937an alemaniarren eta italiarren aireko erasoek Durango, Gernika, Elorrio, Elgeta eta Eibar suntsitu zituzten, eta Euskadiko armada hautsi zuten. Askok eta askok bere buruaz beste egin zuten; gehienak kontzentrazio eremuetan sartu zituzten; asko fusilatu zituzten, eta beste batzuk, Urretxindorrak ez du kantatzen azaroan ipuineko protagonisten gisan, berriro saiatu ziren hegoaldeko lurraldeak zeharkatzen, Ipar Euskal Herrira iristeko. Ipuinak Dragones batailoiko bi milizianoren ihesa kontatzen du. Karmel Uribarrenek itzuli du testua, Hibai Garairenak dira marrazkiak, eta Gose taldeak egin du hari ezkonduriko Amets gorria abestia. Parte hartzaileen hitzetan, «ohore handi bat» izan da proiektuan izatea, baina, Ines Osinagak gogorarazi zuenez, «espero dezagun hemendik 50 urte ingurura halako lanik ez egin behar izatea gaur egungo egoeraren inguruan».
Bosgarren kantu bat
Sunti Amilibia bezala erbestera ihesean joandakoen inguruko ipuina da laugarrena, Mendi gaineko txistua izenburukoa. Leire Gineak eta Egoitz Unamunok itzulia da ipuin hori, marrazkiak Melina Lopezek egindakoak dira, eta Petti & Andoni & Eñaut Zubizarretak sortu dute Aratz haize leuna kantua.
Lau ipuinei loturiko kantuez gain, Xarma taldearen Ixiltasun hautsia-k osatzen du Gerrako ipuinak liburukia osatzen duen Noiz arte justiziarik gabe? diskoa.
Juan Ramon Garai Intxorta Elkarteko eta Debagoieneko Fusilatuen Batzordeko kideak azaldu zuenez, bi gauza gogorarazi nahi dituzte lan horren bidez: «Batetik, frankismoaren izenean egindako delituak ez direla epaituak izan, eta bestetik, biktima guztiak modu berean tratatuak izan behar direla».
Gerrako istorioak ahanzturaren zulotik ateratzeko kontu eta kantuak
'Gerrako ipuinak' lana kaleratu du Intxorta Elkarteak, Sunti Amilibiaren lau narrazio ardatz harturik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu