Donostia Kultura erakundeak ikus-entzunezko gidoigintza ikastaroa antolatu du datozen maiatza eta ekainerako, Larrotxene Kultur Etxean. Ikastaroak 60 orduko iraupena izango du, 180 euro ordaindu behar dira parte hartzeko, eta izena emateko epea apirilaren 14an bukatuko da.
Ikastaroa lau astetan zehar egingo da, maiatzaren 2tik 6ra eta 16tik 20ra, eta ekainaren 6tik 10era eta 20tik 24ra, eta ikus-entzunezko idazketaren prozesu osoa jorratuko da bertan; ideiaren lanketatik, hitza irudi bihurtzen den azken prozesura arte.
Edukiaren aldetik, gidoigintzaren ideia eta teoria nagusiak landuko dira, ariketa praktikoak egingo dira eta gidoiaren ikuspegi teknikoa -bai zineman bai telebistan- landuko da. Bestetik, film kolektibo baten prozesua biziko da, hots, idazketaren inguruko teoria horiek ikus-entzunezko obra baten gauzatzea.
Ikastaroko irakasleak Jorge Gil eta Jon Garaño izango dira. Gilek telebistarako Vaya Semanita eta Mihiluze programak idatzi ditu. Azken urteetan, Donostiako Moriarti Produkzioak etxearentzat lanean aritu da, zinemarako eta telebistarako edukiak prestatzen.
Bestalde, Garañok gidoigile, produktore edo zuzendari gisa hainbat lan egin ditu Moriarti ekoizpen etxean. Dokumentalak eta film laburrak egin ditu gehien bat; 2010ean estreinatu zuen Jose Mari Goenagarekin batera bere lehen film luzea: 80 egunean. FGM dokumental laburrarekin Donostiako VI. Giza Eskubideen Jaialdia eta Euskal Zinearen sari nagusia irabazi zituen. 2011ko otsailean bere azken dokumentala estreinatu du: Perurena.