«Azken 30 urteotan sindikatuak lortu duen akordiorik hoberena da hau». Hitz horiekin azaldu du Patric Verrone WGA gidoilarien sindikatuko buruak Hollywoodeko estudio handiekinhitzartutako akordioa. Idatzia babesteko, eta hortaz, azken hiru hilabeteotan egindako greba bertan behera uzteko eskatu die gidoilariei WGA sindikatuak.
Patric Verronek adierazi duenez, Hollywoodeko majors konpainiekin hiru urtetarako akordioa lortu dute. Idatzi hori datorren astean onar dezakete, greba bertan behera uzteko erabakiaren ondotik. Gidoilariek AEBetako mendebaldean eta ekialdean gaur bertan egingo diren batzar bitan hartuko dituzte erabaki horiek. Batzar bat New Yorken egingo dute, Manhattango Crowe Plaza hotelean, eta bestea Los Angelesen, Gidoilarien Sindikatuaren antzokian.
«Azken 35 urteotan egin dugun grebarik arrakastasuena izan da», esan du Verronek. Gidoilarien greba iazko azaroaren 5ean hasi zen, eta hiru hilabeteotan aisialdia jorratzen duen industrian milioi dolar askotako galerak eragin ditu. Los Angelesen bertan handia izan da hiriko ekonomiaren galera, 1.000 milioi dolar ingurukoa, hango prentsak dioenez.
Variety aldizkariak argitaratu duenez, ekoizpen lanetan ardurak dituzten gidoilariak gaur bertan itzuliko dira euren lanpostuetara, «grebari formalki amaiera ematen dioten bitartean».
AKORDIO ONA BAI, BAINA... Gidoilarientzat oro har, «akordio ona» dela dio sindikatuak, zenbait errebindikaziori uko egin behar izan dien arren. Esaterako reality show eta animazioaren alorretan ez dute hobekuntzarik lortu. «Egia da alor horiek garrantzitsuak zirela langile askorentzat, baina are garrantzitsuagoa zen ahalik eta jende gehienarentzat akordio on bat lortzea».
Gauzak horrela, oso litekeena da gaur bertan edo bihar bukatzea gidoilarien greba modu ofizialean. 10.500 gidoilari inguru egon dira greban iazko azaroaren 5etik. Langile horiek euren lanpostuetara itzuliko dira, zinemako, telebistako saio eta telesailetako priektuetan. Halako proiektu gehienak geratuta egon dira asteotan grebaren auzia noiz konponduko zain. Guztira 60 telesail eta bestelako saioak egon dira bertan behera grebarengatik.
Bestalde, gidoilarien lanuzteak hilaren 24an egingo den Oscar sarien galari eragingo ziola-eta, kezka handia zegoen Hollywooden; gala hori iritsi baino lehen auzia konpontzea lortu dute azkenean. Hortaz, Oscar sarien gaua «normaltasunez» egingo dela espero du Hollywoodeko Akademiak, sarreran ez direla piketeak izanen, alegia.
Gidoilarien greba, amaitzeko bidean
Estudio handiekin akordioa lortu du WGA sindikatuak, eta langileei greba amaitzeko deia egin die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu