Gilberto Gil eta Pat Metheny, Gasteizko Jazzaldiko izarrak

Brasildarra uztailaren 19an ariko da, eta gitarra jotzaile estatubatuarra, berriz, hurrengo egunean

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Brasilgo Kultura ministroa izan zen Gilberto Gil, 2003tik 2008ra, Lula da Silva presidentea zen garaian. Dena dela, haren ibilbide musikalagatik da ezaguna mundu osoan. Gasteizko 36. Jazzaldiko izarretako bat izango da. Datorren uztailaren 19an joko du Mendizorrotza kiroldegian. Antolatzaileek atzo iragarri zuten behin betiko programazioa, eta aurtengo rako baieztatutako beste izarra Pat Metheny gitarra jotzaile estatubatuarra da. Hurrengo egunean joko du.

Aurretik, berriz, Gilek bere doinu beroekin dantzan jarriko ditu ikus-entzuleak. 1960eko hamarkadan Tropicalismo mugimenduaren garaian grabatutako diskoek egin zuten famatu, eta geroztik mordoxka bat kaleratu du. Azkena 2010ean, Fe na festa izenekoa.

Metheny ere ospe handiko musikaria da. 1976an grabatu zuen disko bat, lehen aldiz; eta geroztik, bai bakarrik, bai taldean zein kolaboratzaile gisa, lan ugaritan parte hartu du. Adituen esanetan, haren generoko gitarra jotzailerik onena da, hasiera batean, umetan, tronpeta jotzen zuen arren. 17 Grammy sari pilatu ditu bere ibilbidean.

Uztailaren 16an hasiko da jazzaldia, eta inaugurazio kontzerturako munduko saxofoi jotzaile onenetako hiru bildu dituzte antolatzaileek: Sonny Rollins, Joe Lovano, etaJoshua Redman. Jazzaldiko azken emanaldian ere, uztailaren 21ean, saxofoi jotzaile mitiko bat, Sonny Rollins 81 urtekoa arituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.