Goizean goiztik jendea sartu irtenean dabil Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen 38. azoka hartzen duen Landako erakustazoka. Jendeak eskertu egin du eraikin berria, "erosoago" ibil daitekeelako eta ez duelako "hainbesteko berorik" egiten. Eguerdi partean lasai ederrean ikus ahal izan dituzte bertaratuek aurtengo ekitaldirako argitaratu diren nobedadeak.
Gaur goizean, hain justu, jendearen arreta piztu duten bi liburu aurkeztu dituzte. Batetik, Imanol Lazkano bertsolari azpeitiarrak idatzitako 'Aho bizarrik gabe' bilduma lana, beste bertsolari batek, Andoni Egañak, atondua. Aurkezpen ekitaldira bertsolari ugari bildu da, Lizazo aita-semeak, Jon Lopategi, Jon Enbeita eta Xabier Amuriza tarteko.
Julio Medem zine zuzendari donostiarraren 'Euskal pilota' liburu mardulak ere espektazio handia sortu du. Lehen aldia da Medem Durangoko azokan izan dela eta guztia izan da berria berarentzat. Mila orri pasako ale mardula da aurkeztu dutela, filmean azaltzen ez diren pasarte eta elkarrizketa ugari biltzen dituena.
Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen 38. azoka
Giro polita eta jendea neurrian azokako bigarren egunean
Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen 38. Azokak atzo zabaldu zituen ateak, eta gaur, ateak publiko zabalarentzat irekitako lehen egunean, "giro polita dago eta jendea neurrian", argitaletxeetako arduradunek azaldu dutenez. Karpa zuriari agur esan eta gero, azokara bildutako publikoak "itxura ona" hartu dio Landako erakustazokari. Gaur goizeko protagonista nagusiak Imanol Lazkano bertsolari azpeitiarra eta Julio Medem zine zuzendari donostiarra izan dira, biek liburu bana aurkeztu baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu